Zentral hidroelektrikoak

Abalotz zentraleko sorgailua

Industrializazioarekin batera etorri zen argindarra gure herrira, eta pixkanaka-pixkanaka sortzen ari ziren lantegi berrietan, indar hidraulikoari indar elektrikoa nagusitu zitzaion. Hala, XX. mende hasieratik aurrera, herriko kaleetako farolak ez ziren gehiago ez olioz ezta gasez ere piztuko, lanparen bitartez egindako argia erabiliko zen, besteak beste, herritarrak etxerako bidean ez galtzeko.

Errotak izan ziren lehenbiziko hornitzaileak, urak errotarria mugitu ordez, turbina mugiaraziko zuen eta mugimendu hori elektrizitatea sortzeko baliatuko zen, generadore edo sorgailuaren bidez. Baina elektrizitateak etorkizunean hartuko zuen garrantzia ikusita edo, berehala ugaldu ziren zentral hidroelektrikoak edo indarretxeak, sorgailu edo dinamo, alternadore, transformadore eta transmisiorako bestelako elementuekin hornituak. 60ko hamarkadatik aurrera, beste energien norgehiagoka (petrolioa, gasa, zentral nuklear eta termikoak) eta hornitzaile boteretsuen erruz, mota honetako zentral gehienek krisian sartu eta, apurka-apurka, zerbitzua emateari utzi zioten.

Kalera edo herrigunera pasa den mendearen hasieran iritsi bazen ere argindarra, gehiago kosta zitzaion baserri batzuetara iristea. Hori dela eta, hainbat baserritarrek, erreketako uraren indarra baliatuz, euren kabuz zentral hidroelektriko txikiak eraiki zituzten, baldintzak aldekoak zirenean 125 voltioetako ipurtargi parea argitzeko ozta-ozta iristen zirenak. Argindar linea bertaraino ez zen iritsiko beharbada, edota etxez etxe kobratzen aritzen zen Arozenaren txapelgorriari ez zioten ordaindu nahi bestela.

Jarraian, errota izan ondoren zentral elektriko bilakatu zirenak: