Edateko ura

Dugun ondarerik preziatuena da ura, ezinbesteko elementua gure bizitzan. Edateko, gorputz-higienerako, inguruak garbitzeko, ureztatzeko… erabiltzen dugu batik bat, baina ugariak dira bere erabilerak, bai nekazaritzan, bai industrian ere. Beraz, zenbat eta erabilera gehiago, orduan eta kontsumo handiagoa. Eta honaino iritsita, ezin aipatu gabe utzi kontsumo hori sarritan neurriz kanpokoa dela, eta horrek, desorekak sortzeaz gain, agorraldi garaietan horniketa jaitsiera edota etenaldiak ekarri izan dituela.

San Estebango ur-biltegia.

“Baserri itxura duen Larbaingo ur-biltegia, paisaian ongi txertatuta.

Etxeko iturria ireki eta brast…! ur txorrotada ederra aterako zaigu. Baina ura irteten dela ikusteak ez du guretzat meritu handirik, gertaera arrunta da. Baina tututik ateratzen den ur hori herrikoa ez dela, baizik eta kilometro mordoa egin behar izan dituela gurera edangarria iristeko jakitean, orduan konturatzen gara azpiegitura konplexua eraiki behar izan dela hori hala izateko. Eta gaur egun pentsatzen badugu ere betidanik etxeko iturria zabaldu eta ura irten izan dela, konturatu behar dugu etxean ura izatea nahiko lorpen berria dela.

Edozein herritako ur horniduraren hastapenak erreka eta iturburuak izan ziren, eta bertatik asetzen ziren egarri eta garbiketarako behar guztiak. Baina ulertzekoa denez, erreketako ura ez zen luzera edangarria, eta lehorte garaian, gainera, iturburuak agortu eta errekek ez zeramaten urik. Horri guztiari gehitu behar zaio herriko hainbat baserrik urrun edota behean dutela gertueneko erreka. Balde, marmita edo gurdia bete barrikekin ur bila hamaika buelta egindakoak, ziur, ugari izan zirela.

Iturri eta iturburuak

Ur hornidura arazoa konpondu edo gutxienez egoera hobetzeko, XX. mendearen hirugarren hamarkadatik aurrera hainbat sistema eraiki edo martxan jarri zituzten ordurako ura etxean ez zuten usurbildarrek. Oria ibaiaren eskuinaldekoek, pozaderak edo arietea erabili zuten ura etxeraino bertaraino eramateko. Zubietako erriberakoek, aldiz, putzu artesiarrak zulatu zituzten. Urdaiagakoek, azkenik, Andatzatik behera datozen urak bideratu zituzten etxeraino edo gertuko iturriraino.

XX. mendearen azken hamarkadetan iritsi zen herriko etxe gehienetara Añarbe urtegiko ura, 80ko hamarkadan hain zuzen. Lasarten barrena, ponpa bidez Larbaina igotzen da, eta handik herri kaskora banatu. Hala, San Estebango depositua Añarbeko uraren osagarri bilakatu da, biak komunikaturik baitaude. Azken ur-biltegi hori eta hari loturik dagoen Urtinekoa ziren preseski, Goizueta aldeko urak edan baino lehen, Usurbil urez hornitzen zutenak. Andatzako maldetan behera Erroizpeko urtegian bildutako ura bakarrik edaten genuen orduan. Larbaingo depositu berriarekin Txikierdi auzoa eta inguruko hainbat lantegi hornitzen zituen Fortalezako ur-biltegia erabilerarik gabe geratu zen, gaurdaino.

Aginaga San Estebandik doan hodiak hornitzen du, bai lehen eta bai orain ere, garai batean hainbat baserrik Sariakolako urtegitik ura hartu arren. Zubietarrek bere depositu eta ur-bilketa propioa zuten Urteaga inguruan, baina, gaur egun, Santuenetik doan herriko sareak hornitzen ditu. Bordatxo nahiz Mendizorrotz mendien eguteretan dauden baserriek, azkenik, duela hiruzpalau urtetik hona, Igeldotik barrena datorren hoditik hartzen dute Añarbeko ura. Ordura arte, ordea, Mendizorrozko eguteran hainbat erreketako ura biltzen zen Arratzaingo ur-biltegian, handik baserrietara banatzeko.

Edateko ura

Mapa

  • UR-BILTEGIAK 
  • 1. San Esteban
  • 2. Larbain
  • 3. Gaztelu
  • 4. Fortaleza
  • 5. Arratzain
  • EDATEKO URA 
  • 1. Alperriturria
  • 2. Antoniturria
  • 3. Dranbaiturri
  • 4. Etzabalgo iturria
  • 5. Fermindegiko iturria
  • 6. Galardiko iturria
  • 7. Iturtxulo
  • 8. Kunetako iturria
  • 9. Lertxundiko iturria
  • 10. Txantxoneneko iturria
  • 11. Sekañako iturria
  • 12. Zumaiko iturria
  • 13. Errekatxoeta
  • 14. Kontzejutxikiko iturria
  • 15. Egiluzeaundiko iturria
  • 16. Patrineko iturria
  • 17. Aranerrekako iturria
  • 18. Ibarrolaundiko iturria
  • 19. Kalezarko iturria
  • 20. Txarako iturria
  • 21. Usaskuezarreko iturria
  • 22. Iturrizabal
  • 23. Pagoetako iturria
  • 24. Txokolateneko iturria
  • 25. Zalditurri
  • 26. Altzondoko iturria
  • 27. Illunbeko iturria
  • 28. Itzaoko iturria
  • 29. Sagatzuko iturria
  • 30. Sekulaputzu
  • 31. Torreko iturria
  • 32. Urkidi eta Zatiandierrekako iturriak (Igartzabal)
  • 33. Zingiretako iturriak 121
  • 34. Aliriko iturria
  • 35. Amidiko iturria
  • 36. Iturralde
  • 37. Iturritxo
  • 38. Olaiko iturria
  • 39. Zubietako iturria
  • Pozaderak 
  • 1. Arrillagaundi
  • 2. Enbillenea
  • 3. Gaztañaga
  • 4. Olarri
  • 5. Ibarrolaundi
  • 6. Itxaskue
  • 7. Zelaiaundi
  • 8. Berraiartzabarrena
  • Arieteak 
  • 1. Arpidegieta
  • 2. Intxuintxabal
  • 3. Maskolaitz
  • 4. Ugartetxeberri
  • Putzuak 
  • 1. Alamandegizar
  • 2. Aliri
  • 3. Barazar
  • 4. Etxeberri
  • 5. Etxeberritxiki
  • 6. Iruinberri
  • 7. Kalea
  • 8. Lertxundi
  • 9. Lizarraga
  • 10. Soroarte
  • 11. Berraiartzabarrena
  • 12. Itsaskueberri
  • 13. Gaztañaga

Edateko uren inguruko guztiak