Aurkezpena

Eskuetan duzun liburu hau Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba, Noaua Kultur Elkartea eta Udalaren babesean jaiotako egitasmoaren fruitua da. Alkartasunak 2008an mendeurrena betetzen zuela eta, hasiera batean, urte amaieran zuen lanak argitaratzeko data. Baina lanean hasi orduko ohartu ginen, azalerari dagokionez hain udalerri handia ez izanagatik, Usurbilek ondare itzela duela, eta guztia behar bezala jaso nahi genuenez, aurreikusitakoa baino luzeago joko zigula. Horren ondorioz eta bidean gertaturiko beste ezusteko batzuk medio, 2009ko udazkena iritsi da liburuak argia ikusterako.

Herriko ondarearen ezagutza zabaltzea du lehen xede liburuak, eta behin mugarri hori gaindituta, hurrena, eta ez azkena, ondasun horien zaintza, kontserbazio eta babesean behar beste neurri eta erabaki hartzerakoan lagungarri izatea.

Baina liburu honetan jasotakoa interes historiko edo etnografikoa duen ondare higiezinaren zati bat besterik ez da, bost urte lehenago, baserrien eta baserritarren gainean egindako lan eskergaren jarraipena, nolabait. Hala ere, guztia ezin kabiturik, kanpoan utzi behar izan ditugu hainbat eta hainbat elementu, udalerriko ondare ere badirenak. Sagardogintzaren inguruko aipamenik ez dugu sartu, esaterako. Ezta ermita, eliza, kapera, komentu eta kanposanturik ere. Sagarraren kultura hain erroturik dagoenez herrian eta hain denez zabala gaia, beste lan monografiko baterako uztea egokiagoa litzatekeela pentsatu eta hala utzi dugu. Erlijio ondarearen kasuan ere gauza bera, dirudiena baino dezente oparoagoa baita. Ondare naturalaren aipamenik apenas dago orriotan, eta ez da makala Usurbilek eremu horretan duen aberastasuna. Ondare industrial eta historikoaren aipamen eta argazki zahar zenbait bildu baditugu ere, ez da gutxi kanpoan utzi behar izan duguna.

Hala, bada, ondarearen zati baten berri dakar soilik liburuak; udalerrian zehar barreiaturiko ondarea ezagutzeko urrats bat besterik ez da. Desagertzear den kultura eta bizimodu batek paisaian txertaturik utzi dizkigun aztarnak jaso ditugu, artxiboetako araketa lan nekezean apenas sakondu gabe. Izan ere, bizilegeak barkatu ez, eta gero eta gutxiago dira gure aiton-amonen kultura eta bizimoduaren aztarna material horien ezagutza dutenak; berandu baino lehen beraz, bildu nahi izan ditugu eta inbentario lan honetan zabaldu.

Asmo horrekin, bada, udalerriko bazter gehientsuenak, guztiak ez esatearren, goitik behera arakatu ditugu, bertako adinekoei egindako aipamenei segika. Baserriz baserri mugitu gara lehen aipamen labur hori osatu eta ikertze aldera. Baina, oro har, berandu iritsi garela ohartu gara. Tamalez, dagoeneko ondare higiezinaren zati handi bat galdu dugula ikusi baitugu; aztarna zipitzik ere ez dela geratzen, kasu batzuetan, eta hondatu samarra edota eraldatua dagoela bestetan. Nolanahi ere, aberatsa, ugaria eta anitza da lan honetan bildu dugun elementu eta aztarnen kopurua. Desagertutakoak kontuan hartu gabe, hirurehundik gora izan dira, bere ezaugarriak medio, gure udalerriko ondare higiezinaren zatitzat hartu ditugunak; eta bostehundik hurbil ibiliko dira, gaur egunean galdutzat jo ditzakegunak aintzat hartuta. Izan ere, azken horietako asko, aipamenaren bidez bada ere, lan honetara ekarri nahi izan ditugu.

Hamar ataletan sailkatu ditugu elementuak, eta bakoitzean asko sakondu ez arren, gutxieneko azalpenak eman dira, derrigorrezko argazki eta, beharrezko iruditutakoan, planoez gain. Azalpen tekniko zenbait sartu badira, hizkuntza eta lexikoaren ikuspegitik herritar arruntak ulertzeko modukoa egiten ahalegindu gara.

Baina hainbeste izen, datu eta data artean, oker edo hutsegiteren batek gure irakurraldi zorrotzei iskin egin izana ezin dugu guztiz baztertu. Esan gabe doa, gure aldetik berebiziko ahalegina egin dugula hala izan ez dadin, baina beti irteten da horrela beharko ez lukeen bat edo erabat zuzena ez den besteren bat. Aldez aurretik, beraz, hutsegite eta okerrak barka diezazkiguzuela eskatzen dizuegu; gaizki esanak ahaztu, eta aipatu gabe geratu dena hurrengoa batean azaltzeko parada eman diezaguzuela. Jasotako ondarearen jabetza hein handi batean eremu pribatuetan egoteak, berez erraza ez den zaintza eta babesa are korapilatsuagoa bilakatzen duela badakigu. Hala ere, lerrootatik dei berezia egiten diegu udalei, Zubietako kasuan Donostiakoari ere bai, beraiei dagokien zatian ondare garrantzitsu honen osotasuna kaltetu dezakeen jarduera ororen aurrean beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzaten.

Beraz, zuhaitz edo baso mozketek, pista edo errepide zabaltze edo eraikitzeek, ibaiaren bideratzeek, zaharberritzeek, eraispenek, eta, oro har, pareko jarduera orok ondare hau kontuan hartu beharko luke aurrerantzean, inongo salbuespenik gabe eta tamaina edo agerpen irizpideen arabera berezitasunik egin gabe; guztia baita, bere osotasunean, kultura baten lekuko ordezkaezina, herriaren ondare kulturala.

Edozein modutan, ezin dugu horrekin bakarrik konformatu; ezin gera gaitezke babeste hutsarekin, babesik zorrotzena izanda ere. Berriro ere oker jokatuko genuke. Ahal den neurrian, berreskuratze eta osatze egitasmo zabal batera bideratu behar ditugu indar eta ahaleginak. Ez da nahikoa, orain, gaurdaino iritsi zaizkigun aztarna apurrak babestearekin. Kasu batzuetan, dagoeneko berandu da, eta ez dago zer eginik; baina besteetan, artean garaiz gaude, eta behar bezalako esku-hartzearekin galtzeko zorian egon litekeen ondarearen parte handi bat berreskura liteke. Ea, bada, ez diren hitzok ezerezean, asmo hutsalean, geratzen, eta dagokionak behar besteko ardurarekin erantzuten duen.

Baina, honaino iritsita, eman dezagun beste urrats kualitatibo bat, eta ez ditzagun ahantzi garai bateko bizimodua eta ohiturak, gure aiton-amonek arlo zehatz batzuetan zuten jakituria, eta batik bat bizipenak, istorioak nahiz hizkera aberats hori; hau da, bi hitzetan esanda, ondare materiagabekoa. Emeki-emeki badoan belaunaldi horretako aztarnen azalpenak eman dizkiguten berberak dira, euren kulturaren berri-iturri. Arestian esan moduan, berandu baino lehen, bada garaia taxuzko segida emateko, herriko kultur talde batek eta norbanako batzuek aspaldi ekin baina gerora etendako bideari.

Azkenik, liburu honen eragile eta babesle izan direnei gure esker ona adierazi nahi diegu. NOUA! Kultur elkarteari, besteak beste, lana aurrera atera ahal izateko emandako laguntza eta aholkuengatik; Udalari, emandako babesa eta baliabideengatik; eta Alkartasuna Baserritarren Kooperatibari, egitasmoaren sustatzaile izateaz gain, lehen harria jarri duelako. Guztiei, beraz, esker mila eta ea laster lan honi segida emateko elkar ikusten dugun.

Ezin amaitu, ordea, liburu honetan benetako protagonista izan zareten herritarron ekarpena aipatu gabe. Ez goaz izenik ematera, ziur bat edo beste kanpoan utziko genuelako, eta ez delako hori, inolaz ere, gure asmoa. Bihoazkizue, beraz, informatzaile fin eta leial izandako guztioi gure eskerrik beroenak. Adinekook orokorrean, zuek bizitako kulturaren testigantza zatia pasa diguzue, eta guk, ahal izan dugun bezain txukun, orriotara ekarri besterik ez dugulako egin.