Ontziolak

Urolako errioan bezala, Orian ere ontziola ugari izan ziren.

Ontzigintzaren industriak berebiziko garrantzia izan du gure herriaren historian, XV. mendetik aurrerako dokumentu ugaritan jasotzen baita jarduera honen presentzia. Industria honen oinarria garbi dago: Irisasi mendiak eskaintzen zuen kalitatezko zuhaitz enborren oparotasunagatik sortu ziren ontziolak Oria errioaren ertzean.

Baina Usurbil ontziolen kokagune garrantzitsua izateko beste hainbat arrazoi ere badira. Lehena, kokapenari loturikoa da. XVI. mendeko monarkia autoritarioak etengabeko gerrateetan murgilduta zeudela kontuan hartuz, Usurbilgo ontziolak arerioaren itsas armadaren erasoetatik salbu eta lur erasoetatik inguruko plaza militarrek babestuta geratzen ziren. Kokapenarekin jarraituz, itsas mareak, gaur egun bezala eta beharbada gehiago, sakonera nahikoa zuen garai hartako ontzirik handienak ibaian behera modu eroso eta azkar batez Pasaiara edo Kantauri Itsasoko beste edozein puntura garraiatzeko. Izan ere, Usurbilgo ontzioletan batik bat itsasontziaren kraskoa eraikitzen zen, bere masta eta guzti. Horretaz gain, errioko makoek edo meandroek ontzien uretaratzea errazten zuten.

Ontziolek Usurbilen garrantzia izatearen beste arrazoi bat Oria arroak burdinola eta sutegi ugari izatea da Ontzigintzak zuen garrantziaz jabetuta, burdineria beharrak asetzeko hainbat burdinola eta sutegi sortu ziren ibai bazterretan, non bertatik jaso ohi zuten lehengaia eta landutako produktuak ontzioletara modu erraz eta merkean bidali. Horiek hala, herritar ugari ziren ontzioletan lan egiteko prest eta egur langintzan bere trebetasuna erakutsi nahi zutenak.

Carmen ontzia, Orion. Tamaina honetakoak eraiki zituzten Mapilen.

Usurbilgo Udalak argitaratutako “Ekoizpena” liburuxkaren arabera, ontzigintzan hiru aro bereiz daitezke, eta bakoitzean ontziola batzuk nabarmenduko dira.

1. XV.-XVII. mendeen artekoa. Tona handiko ontziak eraiki ziren garai honetan, eta bi ziren bezero nagusiak: Gaztelako Errege Armada eta Indietako merkatari jardueretan aritzen ziren enpresak. Agiriek hiru ontziola aipatzen dituzte: Rutarte, Urdaiaga eta Mapil.

2. XVIII. mendea. Borbondarrek Espainiako erregetza eskuratu ostean, horiek eragindako berregituraketa ekonomikoaren ondorioz, Euskal Herria alboratuta geratuko da, beste herrialde batzuen mesedetan. Mapil izan zen egoera berrira egokitu eta tona gutxiko ontziak eraikitzen nagusitu zena garai honetan.

3. XIX. mendea. Mapil eta Zakoeta dira nabarmenduko direnak.

Jarduera honek gure herrian berebiziko garrantzia izanagatik, apenas utzi digun arrasto fisikorik. Usurbilen izan diren lau ontziola nagusiak honakoak dira, lehena Urdaiagan zegoen, besteak Aginagan: