Errotak

Erroten erabilera ez da atzo goizekoa, bai erromatarrek, bai arabiarrek ere erabiltzen zituztela bai baitakigu, nahiz eta Euskal Herrira beranduago iritsi, IX. mendetik aurrera, hain zuzen. Gipuzkoan arrakasta itzela izan zuen asmakizun horrek, 700 bat errota aritu baitira lanean, errekako errotak gehienak.

Erreka-zoko nahiz ibaiertzetan kokatu ziren errotak, ura behar baitzuten makineria mugitzeko. Baina kokapen horrek hondamendia ekarri izan die sarri, batez ere eurite handietan ur-goraldiaren erruz.

Errotapean turtukia lanean. Aspaldi da errotak geratu zirela Usurbilen.

Errotariaren lehen lana urak etxeratzea zen, eta horretarako presa baten bidez urak bildu behar zituen, lehenik. Ur-saltoa eginda, ura kanalizatu eta errotaren ur-biltegira (antepara) bideratzen zen. Bildutako ur horrek eragindako indarrak errotapeko turtukia mugitzen zuen, eta horrek ardatzari esker goiko errotarria. Tolbatik artoa, oloa edota garia botatzen zen harri artera, eta azpiko harri finkoaren kontrako mugimenduak alea irin bihurtzen zuen.

Baserritarrek garia eta oloa ereiteari aspaldi utzi ziotenez, azken errotek arto aleak bakarrik izan zituzten ehotzeko. Ateratako arto-irina, errotariarentzat kantitate bat kendu ondoren (laka), batik bat taloa egiteko erabiltzen zen. Astoak mukuru kargatuta hurbiltzen ziren errotetara, eta txanda itxaroten arto bete zaku ilara luzeak sortu ohi ziren. 1936ko gerra ostean, errazionamendu urteetan agintariek artoa ehotzea galarazitakoan, isilpean, trenez Mendaroraino edo astoz Zizurkilera joan zirenak ere izan ziren.