Urdaiaga
Urdaiaga jauregiaren babesean sortu ziren burdinolak eta haren ondare izan ziren luzaz. Ekoizpenerako gune garrantzitsua izan zen XV. mendetik abiatuta, XIX.aren bigarren erdialdera arte, nahiz eta jabetzaren arabera hiru aro ezberdin ezagutu. Hirugarren garaian, Soroatarren kudeaketapean ezagutuko du konplexuak unerik oparoena. 1689ko dokumentazioan, Soroatarren esku jada, bi burdinola aipatzen dira, nagusia eta gabitegia, gaur egungo Txanka eta Goikoerrota baserriak, hurrenez hurren. Urte batzuk beranduago, mendearen hondarrean, Txankakoa birmoldatu eta errota bilakatu zen, eta Goikoerrotak, izenak dioenaz beste, bere horretan jarraitu zuen.
Ola edo burdinola horiek bi urtegik eta kanalizazio sistema batek hornitzen zituzten. Gaur egun, urik gabe egon arren, bai urtegiko presa, bai Txanka errota atzeko antepara osorik mantentzen dira. Erroizpetik desbideratutako ura bi metro lodi den lehen presara joaten zen kanal baten bidez, eta kanalizazio bidez, ehunen bat metro aurrerago kokatzen den Txanka atzeko anteparara ondoren. Bere osotasunean ez bada ere, gaur egun, kanalizazioa oraindik erabiltzen dute.
Erroizpeko uren aprobetxamendua. Bertan nabarmentzen dira, besteak beste, Urdaiaga jauregiko konplexua, Torreko errota edo Bekoerrota, Txokoaldeko zentrala, Erroizpeko zentrala, zetaola eta arrainhaztegiaren konplexuak eta bertara ura eramateko presa eta ubideak.
Urdaiaga Torrea zaharraren ondoan, Manso de Zuñiga XVII. mendeko ikerlariak eskainitako planoaren arabera, errota batez gain bi burdinola ageri dira. Bekoerrota da lehena, eta Gaztañaditxabal eta Etxealai izan daitezke beste biak, nahiz eta gaur egun zaila izan halakorik irudikatzea.