Jute lantegiaren indarretxea Sariako konplexuaren atzealdean zegoen, pasa den mende erdialdera lubizi handi batek azpian harrapatu eta bota arte. Sariakolako burdinola zaharraren ur-biltegia baliatzen zuen ura pilatzeko, eta 70 bat metroko saltoaren bidez, presio-hoditik irtendako energia hidraulikoak turbinako palak birarazten zituen, eta energia mekanikoa elektrikoa bilakatzen zen azkenik. Hainbat zatitan, lurraren irregulartasuna dela eta, hodia harrizko horma sendoen gainean zihoan.
Baina inguruko beste zentral askotan gertatu zen moduan, arazo ugari izan zituen lanean aritutako urteetan. Ur gehiegi ez zenean, agorraldia zen. Ur arazoak noiznahi. Oro har, urez eskas ibili ohi zen uda partean, urtero. Azken urteetan, errendimendua hobetu nahian edo, turbinatzar berria ekarri zuten Valentziatik, baina ezin izan zuten atarramentu onik atera, handik gutxira lubiziak bertan behera utzi baitzuen zentrala. Gasogeno bidezko sistema erabili zuten orduan, lantegian indarra izateko.
Indarretxea bera Orioko udalerrian bazegoen ere, presa bi udalerrien artean dago, eta presio-hodiak lehen zatia Usurbilgo lurretan egiten du beherako bidea. Lantegiaren hondakinen artean, zentraleko hormen arrastoak antzeman daitezke oraindik. Presatik behera datorren presioko hodia, aldiz, osorik mantentzen da lehen zatian, balbula ixteko giltza eta guzti. Urtegiari dagokionez, jatorrizko harlanduzko presa harri-hormaz goratu zen. Gerora, autopista eraikitzerakoan, berriro beheratu eta aurrealdean tarte karratua zabaldu zitzaion goialdean, gainezkabide moduan. Koxkolloko errekako ura biltzen du, eta gaur lurrez beterik badago ere, autopista iritsi aurretik, ia Tellegindegi baserriraino luzatzen zen urtegia. Eta noski, ur garbi horietan igerian eta hondotik txanponak jasotzen aritutakoak asko izan ziren, eta batelekin estropadetan aritutakoak ere beste horrenbeste. 2009ko apirilean, presak behealdean zuen konporta lehertu eta urez hustu dute urtegia.