Gaur Txokoaldeko Akerra gaztetxea dena, duela ez asko arte argindarra lortzeko zentrala izan zen. Pasa den mende hasieran eraiki eta ustiatu zuen Arozenak, horretarako azpiegitura ugari eraiki ondoren. Erroizpen urtegia eraiki zuen eta ubidea eskuin hegian, gaur egungo urtegia baino zertxobait beherago. Lauzaz estaliriko kanalizazio bidez, zehar-zehar, Sanestebango kaskoan, Urtinea baserriaren ondoko ur-biltegira eramaten zen ura. Garai hartan estali gabea zen depositu hartatik, azkenik, presio-hodian behera 60 bat metro baxuago zegoen zentraleko Pelton motako turbina mugiarazten zuen urak, eta sorgailuaren bidez argindarra sortu.
Zentraleko eraikuntzak zutik iraun arren, barruko instalazio guztia aspaldi galdu zen, gaztetxe baino lehen etxebizitza izan baitzen. Ura zentralera eramateko azpiegiturari dagokionez, ia osorik mantentzen dela esan daiteke. Zentralak lanean aritzeari utzi zionean, Usurbil urez hornitzeko urtegi berria eraiki zen, zaharraren goialdean, eta 1997ko uharren ondorioz jasandako kalteak zirela eta, berritua izan zen ondoren. Hasierako kanalizazioa, berriz, lur azpian dago, zati gutxi batzuetan agerian egon arren. Zikinkeria sartzen zela eta, lurpeko hodi batek ordezkatu zuen kanala. Urtineko ur-biltegia bere horretan dago, beste ur-biltegi eta sarearekin loturik. Baina, gaur egun estalia dagoenez, ezinezkoa da bertan bainua hartzea, lehen egiten zuten moduan. Igerian hor ikasi dutenak ere badira. Hasierako metalezko presio hodia herdoilak jan zuenez, porlanez hartu zuten buelta guztian, eta oraindik bistan dago, goitik behera, ia zati osoan.