Urdaiaga
Urdaiagako Torrea eta Gaztañaditxabal arteko errotak 1963an amaitu zuen bere jarduera. Bi ardatz zituen, artoa ehotzeko bata, garia bestea. Argindarra sortzeko dinamo edo sorgailua ere bazuen, azken urteetan jabearen familiaren etxeak argindarrez hornitu baitzituen. 2006an erre egin zen, eta errota eta argindar instalakuntzak kalte handiak izan zituen, eta zer esanik ez eraikuntzak.
Errekazarretik hartzen zuen turtukiak mugitzeko behar zuen ura, Goikoerrota baino metro batzuk beherago, Zabaltxipiko angula deposituaren ondoan zegoen presatik. Urtineko deposituak gainezka egitean, leizezuloan sartzen zen ura ere jasotzen zuen presak, hor nonbait lur-azaleratzen baita. Gaur egun ez dago presarik, 1997ko uharrak parean harrapatutako guztia eraman baitzuen. Ondorengo garbiketa eta konponketa lanetan, berriz, zentralaren aurreko errepidea zabaldu zen aparkalekuak egiteko. Lan horiek errotarainoko ubidea desagerrarazi zuten. Dena dela, lauzaz estaliriko kanal zaharraren aztarna xumea geratzen da, lekuko gisa, Lartzandietara daraman bidearen hasieran. Kanaleko ura frontoipetik Etxealai eta Gaztañaditxabal atzeko anteparara joaten zen, harlanduzko fabrikaz eraikia hori, eta hustubidetik behera turtukietatik pasata, Txokoaldeko gobaralekuaren parean, berriro errekara.
XX. mende hasierako hamarkadetan, Arozenak Txokoaldeko zentrala eraiki zuenean, Bekoerrotako jabe Zatarainek, Erroizpeko urtegitik urak zentralera desbideratu ahal izateko baldintza bakarra jarri zion. Behin zentraletik irtetean urak errekara isuri beharrean berari entregatzeko. Hala, indarretxe parean presa eraikiz, Bekoerrotara zihoan kanalizaziora eramatea lortu zuten lehen errekari lapurturiko urak. Errotarako instalazioak baliatuz argindarra sortu nahi zuen Zatarainek ere. Horretarako, presio-hodia eraiki zuen dinamo edo sorgailuraino, eta tren geralekuaren atzean egundoko ur-biltegia: 70 metro luze, 10 metro zabal eta 2 metro sakonean. Torreko lorategiaren azpitik, galeria handi batek ur-biltegia errotarekin eta zentralarekin lotzen zituen. Uhateak itxita, kanaleko ura ur-biltegian biltzen zen, eta irekitakoan errotara joaten zen, edo hoditik sorgailura. Estali gabeko depositu handi hari, “piszina” deitzen zioten bertakoek, izan ere, asko dira igeri han ikasi dutenak. Instalazio horietako asko oraindik mantentzen dira.