Zubieta
Aliriko zubia igaro eta Zubietako herrigunerako bidean ezkerrera dago Aizpuruko errota. Instalazioak direla medio Usurbilen izan dugun errotarik garrantzitsuena izan zen. XV. mendearen bukaeran jada dokumentatua dago, eta orduan bi errotez hitz egiten da: Aliriko zubiaren ondoan egon zena bata, eta egun ezagutzen duguna bestea, Oria ibaiaren ertzean biak. Lau harri parerekin egiten zuen lan, eta gainontzeko errotek inguruko biztanleek jasotako uztaren aleak ehotzen zituzten bitartean, Aizpuruko errotak, horiez gain, baita kanpotik ekarritakoak ere. 1920an egin zuen lan azkenekoz, eta orduz gero zerratoki bilakatu zen, gaurdaino.
Aipaturiko errotarriak mantentzen dira, errota aurreko antepara ere bai, baina ura desbideratzeko presa, ubidea eta isurketa-ubidea duela hamarkada bat egindako ibaiaren kanalizazioarekin galdu ziren. Iturrarte uharteko ezker adarrean zegoen presa eraitsi egin zuten, eta egurrezko ubidea betelanak estalita geratu zen.
Aizpurua eta Asteasuain erroten kokapen planoa. Aurrez aurre zeuden bi errotak, ezker eta eskuin ibaiertzean, hurrenez hurren. 1993-1995. urteetan egindako ibaiaren bideratze lanekin desagertu ziren presak eta estali ubideak. Ibaiaren orduko bidea eten-puntuen bidez azaltzen da.