Aginaga/Orio
Abalozko sakanaren goialdean kokatzen da Atxulondoko burdinola, Saratxoeta eta Learberroko erreken bategitean. Gipuzkoa mailan garrantzitsuenetakoa izan zen, sortu zen lehenengoetakoa izateaz gain, eta garai oparoenean 25 bat olagizonek egin zuten bertan lan. Gaur egun, basoaren erdian galdurik eta sasiak janda dago, burdinola eta olagizonen etxea izandakoaren aurriak eta energi hidraulikoa lortzeko bi erreketan burututako azpiegituraren hainbat aztarna baino ez da geratzen. Bai burdinola, bai energia azpiegitura Zizurkilgo udalerrian egonagatik, Usurbilekin lotura handia zuen Atxulondok. Izan ere, gure herriko moiletan deskargatu eta kargatzen zuten burdin minerala eta burdin mea Andatzan barrena hara eramateko. Hori dela eta, tartea egin diogu lerrootan.ia jarri zuten abian.
Sutegiak
Burdinolekin oso loturik dagoen jarduera da sutegi edo errementaldegiena, burdinoletako ekoizpenak jarraipena baitzuen sutegietan. Tailer txikietako sutegietan eraldaketa lana egiten zen: armak, nekazaritzarako lanabesak, iltzeak, ferrak, eta beste hainbat tresna. Burdina landu ahal izateko, burdina edo altzairua goritu behar izaten zuten lehenbizi, sutegian, hauspoen laguntzaz. Tenperatura aproposa hartzen zuenean, sutegitik atera eta ingude gainean, mailuz, nahi zen itxura eman arte mailukatzen zen.
Ontzigintzak gure herrian izan zuen garrantziak burdinola eta sutegi ugariren sorreran eragingo zuen, zalantzarik gabe. Hala, pentsa daiteke sutegi gehienen ekoizpena untziolen beharrak asetzera bideraturik zegoela. Produktuari dagokionez, batez ere aingurak ekoiztu ziren, mota guztikoak eta tamaina txikikoak, baino teknika berriak iritsi ahala, baita handiagoak eta sendoagoak ere. Aingura arrunt baten pisua 8 -10 kintalekoa bazen (400 kg inguru), 40 kintalekoak egitera ere iritsi ziren (1.800 kg inguru). XIX. mendeko krisi ekonomikoaren aurrean, ainguren ekoizpenak beherakada nabarmena jasan zuela eta, produktu berriak ekoitzi zituzten, guraizeak eta aihotzak, besteak beste.
Sutegi edo ainguraolak asko izan dira gure herrian, aztarna gutxi edo batere ez utzi arren. Garai berean lanean aritu ez arren, honakoak dira, besteak beste, sutegiak. Kalezarren zeuden: Ugarte, Murkaiku, Errebal, Txaparrenea; Elizalden: Erreronea; Urdaiagan: Berraiartzagoiena, Errementaldegi, Illunbe, Gilisasti eta Sutegi; eta Zubietan: Amiri eta Artzabaletatxiki.