Aginaga/Orio
XV. mendeko agiri batean agertzen da lehenbizikoz Sariako ekoizpen multzoa. 1752ko datuen arabera, olajauna Antonio de Beldarrain zela, urte horretan 800 kintal burdin (46 kilo dira kintala) ekoiztu ziren bertako burdinoletan, bakarra beharrean, jatorrian bi omen baitziren. 1786 aldera, berriz, inguruko burdinola eta sutegi ugariren moduan, aingurak egiten aritu ziren. XIX. mendearen erdialdera gelditu ziren betiko burdinolaren gurpilak. Gerora, instalazio horiek baliatuz eta berriak eraikiz, jutea lantzeko lantegia jarri zuten abian.
Usurbil eta Orioren arteko mugatik gertu, baina errekaz haruntza dagoenez, zorrotz izanda, Orioko udalerrian kokatzen da, baita ubidearen zatirik nagusiena ere. Baina urtegiko presa, aldiz, bi herrien artean kokatzen da.
Burdinolaren hainbat hondakin mantentzen dira. Antepara ia osorik dago eta haren azpian gurpil hidraulikoa zegoen tokia, kanoi-gangaduna. Errekan gora, Gaztelu baserritik eta errotatik gertu jatorrizko presa dago. Oinplano zuzenekoa, mailakatua eta harlanduzko errenkadetan antolatua dago, aldeetan horma-bularrak ditu eta aurrealdean zabaldutako tartea goialdean, gainezkabide moduan. Nahiz eta urtegia lurrez gainezka egon, eta bere garaian goratua eta beheratua izan, hormatzar sendoak zutik dirau. Presatik burdinolarainoko ubidearen aztarna batzuk geratzen dira Orio aldeko hegian, azken zatian batik bat.
Errotaren azpialdean, berriz, ola zahar baten hondakinak izan daitezkeen hondakin multzoa dago Usurbil aldean, 1752ko dokumentuan aipatutako bi oletako bat, agian.
Sariakolako konplexua, Usurbil eta Orio arteko mugan.