Baserrietan, apenas erabiltzen diren arren, gobaraleku mordoa mantendu da. Hemen dituzue batzuk:
Garai bateko lixiba edo gobara egiteko arropa xaboitu beharra zegoen lehenik. Horretarako, errautsa zabalduko zen ontzi edo kuela batean jarritako arroparen gainean, ahal izanez gero, sagarrondoaren egurrarekin lorturikoa. Ondoren, ura irakiten botako zitzaion arropari; eta azkenik, hurrengo egunean batzuetan, gertueneko iturri edo erriora jotzen zuten. Uretara jaitsi, eta zango erdiraino uretan sartuta, espreski jarritako harriez baliatuz, arropari eragiten zioten. Geroago, lurreko gobaralekuak agertu ziren, eta erriokoak uda alderako bakarrik utzi. Errautsaren ordez, potasa-hautsa, xaboia eta lejia agertu ziren, eta gutxi bazen ere lana erraztu zuten. Donostiako dirudunen etxeetako maindireak errioan garbitzen zituenik ere izan zen. Gobara eginda, buruan fardel handia jarri, eta Zelaiaundi eta Urreztin barrena, Donostiara jaisten ziren, oinez. Geroago ere jarraitu zuen hainbat emakumek erreka eta errioan dirudunen arropa zuria garbitzen, baina, orduan, trenean ekarri eta eramaten zuten fardela.