Gizakia gure herrian aspalditik bizi dela kontu jakina da. Horren lekuko nabarmena dira udalerrian aurki daitezkeen historiaurreko megalitoak.
Artzain tradizioko taldeek altxatutako trikuharriak herriko lehen arkitektura dira. Gure arbasoek hildakoak ehorzteko erabiltzen zituzten metatze hilobi kolektiboak dira, Neolitoa eta Burdin Aroaren arteko aldian eraikiak; hau da, Kalkolito eta Brontze Aroan, gure aroaren aurretik 3.000 eta 1.000 urte artean.
Andatzakoek ez bezala, ganbera osoa du Hernaniko Sagastietako lepoa I trikuharriak.
Mota askotakoak egon arren, hemen ditugunak funtsean oinplano poligonaleko ganbera osatuz, lurrean sartutako hainbat harlauzek eta gaineko estalkiak osatzen dituzte. Megalito hitzak dioenaz bestela, harrizko eraikin ez hain handi eta nahiko sinpleak dira. Barruan, gorpuekin batera, eguneroko objektuak eta ofrendakoak ehorzten zituzten, beste bizi batean edo, behar izango zituztelakoan.
Hilobi horien garaikide tumuluak dira, oinarri biribileko harrizko nahiz lurrezko mendixkak. Tamaina txikiko ganbera eduki dezakete barnean, edo batere ez; sarritan trikuharria bera estaliz ageri dira, eta errauste erritualei daude lotuak.
Usurbilgo megalitoak bi gunetan kokatzen dira, Andatzako gunean eta Igeldokoan. Horietan, ez ditugu aurkituko harrespila edo mairubaratzak, hau da, biribilean jarritako harriak; oso hurbil, mugalerrotik metro batzuetara bi egon arren. Eusko Jaurlaritzak Monumentu izendapenaz Kultur Ondasun gisa babestuak ditu bi guneak. Aranzadi Zientzi Elkarteko Historiaurre sailak argitaratutako Gipuzkoako karta arkeologikoaren arabera udalerrian kokatzen diren megalitoak eta beraien ezaugarriak honakoak dira:
Mapa
- 1. Arkutxako trikuharria
- 2. Olaiko trikuharria
- 3. Juanasoroko trikuharria
- 4. Etumetako trikuharria
- 5. Lapurtokietako trikuharria
- 6. Lapurtokietako zista
- 7. Aitzasateko trikuharria
- 8. Tontortxikiko tumulua