Zorrotzeko zubia

Oria ibaia zeharkatuz, Santuenea auzoa Kalezarko erriberarekin lotzen duen lau begiko zubia da. Harlanduekin eraikia, puntu erdiko lau arkuk eusten dute gainaldeko porlanezko bidezorua. Ur korrontea moztu eta alboetara bideratzeko harlanduzko tajamar zorrotzak ditu pilareetan, bai ur gora eta bai ur behera. 1999an egin zituzten zubia eraberritzeko lanak, jatorrizko harrizko barandak kendu, porlanezko bidezoru zabalagoa bota eta metalezko baranda berriak jarri. Alirikoarekin batera herrian dugun zaharrena da. Agiri zaharren arabera, XVII. mendean, gutxienez, zubia bazegoen, eta antza denez, honek ere zatiren bat zurezkoa zuen. Badakigu, halaber, uholde handiak izaten zirenean, korrontearen indarrak hondatu eta eraman egiten zuela zurezko zubi-puska, eta ibaia zeharkatzeko alak erabiltzera behartu jendea.