Zanpiurak

Itzaoko erribera

Erriberak ur handietatik babesteko, ibaiarekiko edo errioarekiko paralelo, ibaiertzean eraikitako dike edo lur muntoa da zanpiura. Hazita datorren ibaiak edo mareagorak erriberetako lursailak urez ez betetzea da zanpiuren zeregina, eta uholdeak edo marea biziak medio, hori gertatutako kasuetan, drenatze egokia egin ahal izateko azeki, erreten eta zanga sarea izan ohi dute, konplexua batzuetan. Erriora doazen erreten horiek konporta, uhate edo estanka batzuk dituzte errioertzean, marea gora datorrenean ura barrura ez sartzeko, eta alderantziz, erriberetako ur soberakinak errioan hustu ahal izateko bakarrik irekitzen direnak. Marearen eragina iristen ez den kasuetan, ordea, ez da halako konporta edo estankaren beharrik. Erribera guztiek zanpiuren babesa eduki ez arren, denek dituzte, drenatze eta hustubide modura, azeki edo erretenak.

Zanpiurek, beraz, laborantzarako ezin hobeak diren erriberak babesten dituzte. Lurraldeko gainontzeko behe arroetan gertatu zen modura, Oriako erribera horien menperatzea XVIII. mendearen amaieran eta hurrengoaren hasieran lortu zen, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kideen aholku eta zuzendaritzapean. Beste errioetan, ordea, urbanizazio eta obra berriak medio, zanpiura gutxi geratzen da gaur egun, eta hala, Oriako errioan ditugu halako azpiegitura adibiderik garbienak. Usurbilen erribera guztiek zanpiuraren babesa izan ez arren, Aginaga aldean eta Kalezar zein Zubietan badira badutenak, nahiz eta zanpiura hitza denetan ezagun ez izan, eta lur muntoa erabili.