Kaiak edo portuak

Aritzokerra.Hemen zegoen Liputzabaleko portua.

Errioaren inguruko jarduerak aipatzerakoan, ontzigintzak, antzina, Usurbilen garrantzi handia izan zuela esan dugu, eta harekin loturik sutegi eta burdinolek. Bada, lantegi horiek guztiak aurrera atera ahal izateko, lehen ezagutu ditugun aluneez gain, errio bazterreko leku zehatz batzuetan moila edo portuak zeuden. Horietan, ontzioletako ontziak uretaratzeaz gain, kanpotik ekarritako burdin minerala deskargatzen zen, besteak beste, ondoren burdinoletara banatzeko. Mapilgo portua, Urdaiagakoa Txokoalden eta Atxegazarreko moila ziren nagusienak, baina baziren beste batzuk ere, hala nola Txorkoakoa, Olaberrietakoa izen bereko errekaren irteeran eta Liputzabalekoa, Aritzokerra ere deitua gaur egun, han zegoen haritz bihurritua zela eta. Azken horien arrastorik ez da geratzen, ezta Atxega eta Txokoaldeko portuena ere, bata errioaren desbideratzea dela eta, erabat itxuraldatu zelako, eta bestea desitxuratuta dagoelako erabat.

Baina hondarretara joateko ere erabili ziren moilak pasa den mendean. Errioan behera, aletan Orioko Oribarzarrera jaisten ziren, eta, Torretxo inguruan, hondarrez betetzen zituzten alak, bueltan baserrira ekartzeko. Inaurkinarekin nahasturik, behien azpiak egiteko erabiltzen zuten lehenik, eta, mende erdialdetik aurrera, obretarako. Aurrerago, Ingemar lantegikoek harria mozteko hondarra behar izaten zutenez, haientzat ere ekartzen zen.

Marea jaisten ari zela joaten ziren, eta igotzen ari zela itzuli. Marea beti alde izateko, baina, zain egon behar izaten zuten askotan. Beti egunez egiten saiatzen ziren lana, noizbait gauez ere tokatu arren. Zortzi bat ordu pasatzen zituzten joan-etorrian, bide luzea baitzen polainean handik ona ekartzeko. Hondarra karretila bidez kargatzen zuten han, lehorra ahal bazen, eta pala bidez deskargatu. Puntaraino beteta ekartzen zuten ala, lau zentimetroko koska besterik ez zutela bistan uzten. Ala bakoitzeko lau mila bat kilo hondar. Geroago, ala handiekin edo gabarrekin ekartzen hasi ziren, baporeen bidez, atoian edo erremolkean. Modernizatu egin zen nolabait. Hondarretarako lehen tolbak edo deposituak egin ziren, egurrezkoak, baina haiek pitzatu ahala, porlanarekin eraiki ziren hurrengoak.

Urdaiagako portua Txokoalden zegoen
Hondar biltegia, Mapilgo portuan

Mapil izan zen hondarra deskargatzeko moila nagusia, garai oparoenetan hondarrez mukuru beteriko hemezortzi ala iristeraino. Beti zen hondar falta, hala ere. Mapileraino idi pare eta karroekin hondar bila joaten ziren Usurbildik. Baina hondarra ekartzea ez zen Aginagako kontua bakarrik izan. Orion bertan, herrikoek, Ortzaikakoek eta Zalmaristikoek hartzen zuten. Itzao eta Isostegiko baserrietarako ere eramaten zuten, baita Sariakolarako ere. Txokoaldeko portura ere hondar asko eramaten zen, eta Lasaotik Kaparotz bitartean zegoen Intxuspeko moilara ere bai. Mapilen utzi beharrean, harriz egindako moila hartaraino eramaten zen batzuetan, Usurbilgoek gertuago izan zezaten.

Intxaurretako aluneen inguruan, bestalde, ontzirategi edo arrapala bat mantentzen da. Errio hondoko lohian sarturik, errekarrizko zorua ikusiko litzateke marea behera dagoenean, lokatz geruza batek estaliko ez balu. Aurrez aurre, Isostegiko erriberetan lehorreratzeko ere, antzeko beste egitura bat dago, nahiz eta xumeagoa izan. Badirudi alde batetik bestera alan pasa eta ganadua lehorreratzeko eraiki zela.

Ontziak lehorreratzeko arrapala Intxaurretan.