1850eko hamarkadan egin zuten Donostia-Usurbil- Orio bitarteko errepidea, gaur egungo N- 634a. Irubide-Txikierdi-Aliriko zubia-Troia bitarteko zatia lehengo bide zaharra baliatuz egin zuten. Hurrengo zatia, aldiz, lehen biderik ez zen tokian egina da, Kalezar azpiko erribera bazterretik, Bizkarreko zubian barrena Elizaldeko Kale Nagusira. Gero, Kaparotzera, eta, ibaiertzetik, bide berria Galardi eta Aginagara, eta handik Sariakola eta Oriora. 1915ean edo, trenak Zubietako bidea utzi eta Fortalezako tunelean barrena doan trenbide berria egitearekin batera, Txikierdi gaineko errepide zatia eraiki zuten, Itxaskuberritik Troiara bitartekoa.
Garai hartan, beraz, errepide berri hori guztia eraiki ahal izateko, hainbat zubi egin zituzten ibai edo erriora doazen erreka ezberdinak gainditzeko. Aipatu berri ditugunak baino xumeagoak dira, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoak. Begi bakarrekoak dira, harlanduzko dobelekin osaturiko puntu erdiko arkuan eta harri landu gabeak ertzetan. Goialdean, berriz, porlanezko plaka eta asfalto geruza batek osatzen du bidezorua. Horietako askok, gainera, aldakuntzak eta, batez ere, zabaltzeak jasan dituzte azken urteotan. Hala ere, egunero, goitik behin eta berriz pasa arren, ez gara ohartzen 150 urte baino gehiago dituen zubia dela.
Zubiak errekak zeharkatzeko egin zirela esan badugu ere, Bizkartxoko zubitik Kalezarko bide zaharra pasatzen zen eta azpitik zihoan errepide berria. Kale Nagusian sartu baino lehen, gainera, Aranerreka eta Bustintzulo errota gaineko zubia zuen.