Aliriko zubia

Oria ibaia zeharkatu eta Zubieta Txikierdirekin lotzen dituen zubia da Alirikoa. Puntu erdiko hiru arku handi ditu eta hareharri harlanduarekin dago eraikia. Ur korrontea moztu eta alboetara bideratzeko harlanduzko tajamarrak ditu arkuen arteko pilareetan, zilindrikoak ur gora, eta zorrotzak ur behera. Zorrotzekoarekin batera herrian dugun zaharrena da. Agiri zaharren arabera, XVII. mendean, gutxienez, zubia bazegoen, eta gainera, alderdi bat harrizkoa, eta bestea zurezkoa zuen. Badakigu, halaber, uholde handiak izaten zirenean, korrontearen indarrak hondatu eta eraman egiten zuela zurezko zubipuska. Baita gerrateak zirela eta, komeni zenean, zurezko zubi zatia bota egiten zela. Eskuineko argazkian zubia ikus daiteke 1953ko uholdeetan eta Lasarteko lantegi bateko langileak urak eramandako olio bidoiak berreskuratzen.