Biribillondoko kablea

1945-46 urteetan muntatu zuten egur kablea Andatzako pinu sailetatik egurra ateratzeko. Zubietako Kalea baserriko Iparragirre anaiek muntatu zuten adituen laguntzaz, Aizpuruko errotako zerrategia errentan baitzuten. Biribillondotik, gaur antenatzarra dagoen tokitik, Artzabaleta baserri ingurura jaisten zituzten enborrak, Tokieder etxeraino hain zuzen. Bi kilometro pasatxo zituen kableak, eta tartean bi poste bakarrik, Aiztondon bat eta Olazabalen bestea. Biribillondora idi pareekin eta aurre-gurdi bidez eramaten zituzten enborrak, arrastaka.

Baina jakin dugunez, Etumetatik haraino beste kable bat ere muntatu zuten. Bost bat urte egon ziren egurra ateratzen. Amaitutakoan, ordea, desmuntatu eta Nafarroako Errazkinera saldu zuten kablea, han Aralarko Malloetatik belarra jaisteko. Mantso-mantso jaisten ziren enborrak, freno sistema baitzuten, eta ez zituzten txirrikak kaltetzen. Baina enborraz gain, su-egurra ere jaisten zuten inguruko okindegietako labeetarako, eta sorta horiek ziztu bizian egiten zutenez jaitsiera, arazoak izaten zituzten poleekin, berotu egiten baitziren. Txirrikak, berriz gora, asto-gainean eramaten zituzten. Andoaingo Belkoaindik Bazkardora pinu enborrak kablean jaisten ikus daiteke argazkian, 1944an.