Barkaiztegiko mugarriak

Usurbil-Donostia

Mendizorrotz aldeko mugarrietatik behera ez dago besterik, Latsaerreka da muga, eta ondoren, Arpidegietako erreka. Intxuintxabal inguruan, mugalerroak izkina egiten du, baina mugarri hori autopista eraikitzearekin batera galdu omen zen. Handik hurbil, berriro ere, angelu zuzena marrazten du mugalerroak Barkaiztegiko errekatik jarraitzeko. Bada, bigarren izkin horretan dago Barkaiztegiko lehen mugarria, Elorko sailaren ertzean. Elkarren ondoan dauden hiru harri dira, txikiak, eta bik U eta S letrak dituzte, eta hirugarrenak, handienak, lursail partikularra mugatzen du.

Barkaiztegiko bigarren mugarria ehun bat metro Donostia aldera dago. Gaur egun, beraz, Donostia da, baina XIX. mendean, administrazio militarrak egindako planoetan, hortxe bertan kokatzen zen Barkaiztegi baserri zaharra Usurbilgotzat jotzen zen, horraino iristen omen zen-eta Usurbilgo udalerria.