Intxaurreta baserriaren ondoan dago kablea, Isostegiko erriberetatik simaurra eta belarra batetik bestera pasatzeko. Nahi Genduena etxekoek muntatu zuten, Donostiako Antigua auzoko errementariaren laguntzaz, eta kablea errioaren gainean oraindik bere lekuan egon arren, badira hogeita hamar bat urte txirrikarik ez dabilela. Kableak bi muturretan zituen txabolak ere oraindik hor daude. Goiko eraikuntza, Intxaurretakoa, zama plataforman jartzeko erabiltzen zen, eta tira egiteko kablea eta danborra ere hor zituen. Goitik behera erraz joaten zen, baina bueltan beste kable baten bidez gogoz egin behar zen tira. Beste erabilpenik ez duela eta, gaur, kabletik barrena ur hodia pasa dute erriberako ganaduarentzat ura eramateko.
Baina ibaia zeharkatzeko garraio-modu izateaz gain, beste erabilera bat ere izan du kableak Usurbilen. Baserri eta baso munduari lotuta, belar sortak eta enborrak garraiatzeko erabili izan da. Belar kablearen kasuan, lana egiteko orduan, erosotasuna eta erraztasun ekarri zituen, joan etorrietan denbora asko galdu gabe. Hala ere, Gipuzkoako hainbat herritan sistema arrakastatsua suertatu bazen ere, gurean ale bakar bat besterik ez dugu ezagutu, Kalezarko Ezkerreneko kablea.
Egur kableari dagokionez, zuhaitz-enbor eta material astunak azkar eta erraz garraiatzen ziren kable horietan, eta egitura aldetik sendoagoak ziren belar kableak baino. Galga sistema bat zutenez, kable batek baino gehiagok osatzen zuten. Aldikako edo aldakorrak izaten ziren. Baso bat ateratzeko muntatzen ziren, eta bukatu ondoren desmuntatu, beste leku batean jartzeko, muntaiak berak lan asko eman arren, hilabete eta erdi behintzat bai. Andatza eta Zubietamendiko basoak ustiatzeko erabili ziren.