Hasieran ibiak, zubiak eta alak ondoren, eta kablea iritsi zen, azkenik. Ibaia alde batetik bestera zeharkatzeko sistema da kablea, definizioz, burdin hariz osaturiko soka. Errioaren bi ertzetan finkaturiko kable tinkatutik, txirrikaren bidez, zintzilikatutako belar sorta edo zamaz beteriko plataforma alde batetik bestera eramateko balio zuen. Txirrilla esanda ezagutzen zuten batzuek.
Antzeko funtzionamendu sistema izan arren, beharren eta kokapenaren araberako ezaugarri eta elementuak zituzten, eta ziur bi berdin ez zirela izan. Oro har, baina, hauek ziren ezaugarri nagusiak: Bi muturrak altuera bertsuan egon arren, bietako bat altuago egoten zen. Hartara, alde horretatik behera bere kaxa joaten zen. Abiadura handia hartzean, ordea, kolperik har ez zezan, amaieran frenatu beharra zegoen, eta horretarako, beste kable bat zuen. Kontrako bidea, berriz, kable horretatik tiraka egiten zen, eskuz eta gurpil baten bidez kablea bilduz. Ala, txalupa eta gainerako ontziei trabarik ez egiteko ibaitik bost eta zortzi metro bitarteko altuerara egon ohi zen kablea. Nahiz eta garai batean gure herriko paisaian kablea elementu nahikoa arrunta izan, gaur egun, leku bakar batean soilik erabiltzen da: Txikierditik Iturrarte irlara pasatzeko. Hona hemen ezagutu diren kableak: