Ibaiaren ingurukoak

Aurreko ataletan usurbildarron arbasoek ibaiaren inguruan eta ur-bazterretan garatu zituzten jarduera nagusienak aipatu ditugu, besteak beste: errotak, burdinolak, ontziolak, zentralak. Oraingoan, berriz, ibaiaren inguruan eta ibaia bera zeharkatzeko eraiki zituzten azpiegitura lanen azalpena eman nahi dugu, ahaztu gabe ondare horretatik gordetzen dugunaren berri ematea.

Gaur egun ulertzea nekeza egiten bazaigu ere, antzina, ibaia zen auzo arteko eta herri arteko banaketa egiten zuena edo mugalerroa. Bi aldeetako biztanleek elkarren arteko harreman edo tratu gutxi izan ohi zuten, zaila edota korapilatsua suertatzen baitzen ur emari handiko ibai bat zeharkatzea, areago inguru zingiratsua bazen. Garai bateko bide zaharrak ere goietatik zihoazen, gainez gain, edo magalean, zeharzehar, ibai arroetara ahalik eta gutxien jaitsiz, ibaiak zeharkatu behar ez izateko.

Hala ere, noizean behin, baziren zeharkatu behar izaten zituzten ibaiak, eta horretarako betidanik erabili izan den aukeretako bat ibiak dira. Uraren sakontasuna eta indarra txikia denean, oinez edo gurdian igaro daitezkeen pasaguneak dira ibiak, eta sartu-irtenak errazteko arrapalak dituzte ibaiertzetan. Sakonera handiagoko uretan, aldiz, ala erabiltzen zen beste aldeko erriberara pasatzeko. Sakonera gutxi hartzen duen urontzirik zaharrenetakoa da ala; berriagoa, berriz, gabarra. Gaur egun, auto adina ala egon ohi zen garai batean etxe bakoitzean, eta azken urteotan motordun txalupak ordezkatu badu ere, oraindik alak amarratzeko alune edo altoki mordoxka geratzen zaizkigu errio bazterrean.

Bestalde, Zubieta izenari kasu eginez, badirudi ibaiak gainditzeko zubiak eraikitzen aspaldi ikasi zutela usurbildarrek. Garai batean egurrezkoak nagusi izan arren, udalerrian harrizkoak edota berrienak diren porlanezkoak aurki ditzakegu gaur, han eta hemen. Ibaia zeharkatzeko sistema askozaz berriagoa, garaikidea, kablea da, nahiz eta, gaur, Usurbilen, kablea edo txirrila darabilen pasagune bakarra geratzen zaigun.

Ibaiaren ur-karga handia dela edo errioan mareagora dela, erriberak babestearren eraiki zituzten azpiegiturak ekarri ditugu hurrena, lur muntoak edo zanpiurak. Urak haziak datozenean edo mareagora denean sartzen utzi ez, eta ur-goraldietan urak erriberak hartuko balitu, drenatu ahal izateko sistema duten eraikuntza bereziak dira, Oriako errioan iraun dutenak batik bat. Azkenik, arrantza kontuak lerrootan kabitzen ez badira ere, angularen munduak gure herriko paisaian utzi digun aztarnaren berri emango dugu, angula deposituak edo bibero zaharrak edozein erreka-zokotan aurki baititzakegu, baita errio bazterretan lehorretik angulak harrapatzeko kalatokiak ere.

Sarrera honi amaiera emateko, ezin aipatu gabe utzi ura aurpegi bikoa dela. Orain arte esandako guztiarekin garbi geratzen bada ibai edo errioak gurera onurak besterik ez dituela ekarri, ezin dugu ahaztu, eta ibai bazterreko auzoek ondo asko dakite hori, atsegina ez den beste aurpegi bat ere baduela. Ujalek edo uholdeek eragindako kalteak aztertzen hasiko ez bagara ere, atal honetan azken mendean Usurbilek jasan dituenen berri ematea beharrezkoa iruditu zaigu. Hala, herriko adinekoek oroitzen dituzten euri-jasa handienak honakoak dituzue, antzinatik gaur arte: 1933ko Korpus egunekoa, 1953ko urriaren 14koa eta 1983ko abuztuaren 26koa. Horietan guztietan Oriak sekulako ur-goraldia izan zuen, eta hainbat lekutan gainezka egin. 1997ko ekainean, aldiz, ibaiak beharrean errekak izan ziren, ikaragarrizko ur-etorrera medio, triskantza eragin zutenak.

Mapa

  • Ibiak 
  • 1. Artutxako ibia
  • 2. Iturrarteko ibia
  • 3. Babiloniako ibia
  • 4. Irurubieta edo Legarritzagako ibia
  • 5. Atxegako ibia
  • 6. Fermindegiko ibia
  • 7. Arroarroko ibia
  • Zubiak 
  • 1. Abalotz zentraleko zubia
  • 2. Itxiberrietako zubia
  • 3. Hipodromoko zubia
  • 4. Aliriko zubia
  • 5. Zorrotzeko zubia
  • 6. Sañarrieneko trenzubia
  • 7. Sañarrieneko zubia
  • 8. Txokoaldeko edo Altzonazko zubia
  • 9. Ezpaldiko zubia
  • 10. Troiako zubia
  • 11. Mapillerrekako zubia
  • 12. Sariakolako zubia
  • 13. Bizkartxoko zubia
  • 14. Puntapax zubia
  • 15. Erroizpeko zubia
  • 16. Sariakolaerrekako zubia
  • 17. Artzabaletako trenzubia
  • 18. Olaberrietako trenzubia
  • 19. Galardiko zubia
  • 20. Etxebesteko zubia
  • 21. Gaztañagako pasadizoa
  • Alune edo altokiak 
  • 1. Txokoaldeko zubiko aluneak
  • 2. Lastaola inguruko aluneak
  • 3. Ezpaldi inguruko pantalana
  • 4. Mapilgo aluneak
  • 5. Intxaurretako aluneak
  • 6. Saria eta Gomentzaneko aluneak
  • 7. Sariakolako aluneak
  • 8. Itzaoko aluneak
  • 9. Botaleku eta Zalmaristiko aluneak
  • Kaia edo portuak 
  • 1. Mapil / Urdaiaga / Atxegazarra / Txorkoa /
  • 2. Olaberrieta /Aritzokerra
  • 3. Mapilgo hondar biltegia
  • 4. Intxaurretako ontzirategia
  • Kableak 
  • 1. Oriako txirrilla
  • 2. Itxiberrietako kablea
  • 3. Iturrarteko irlara Zubietatik
  • 4. Iturrarteko irlara Txikierditik
  • 5. Sañarrieneko kablea
  • 6. Intxaurretako kablea
  • 7. Ezkerreneko kablea
  • 8. Biribillondoko kablea
  • 9. Letabideko kablea
  • Zanpiurak 
  • 1. Itzaoko zanpiura
  • 2. Sarikolako zanpiura
  • 3. Legarritzagako zanpiura
  • 4. Aliriko zanpiura