Txikierdiko golf-zelaia
XX. mendearen hastapenetan, Donostia zen udarako hiriburu nagusi. Espainiako Maria Cristina erreginak, Donostiak liluratuta edo, beste aukera batzuk baztertu eta hemen igarotzen zuen urtero uda sasoia. Egonaldi horrek gainera, Madrileko gorteaz gain, aristokraziako eta orduko gizarteko goi klaseetako jendearen etorrera zekarren, uztailaren hasieratik irailaren erdialdera.
Alabaina, Donostiak edertasuna, hondartzak, pasealekuak eta eguraldi atsegina izanagatik, kanpotar udatiarren interesa piztuko zuen alternatiba edo jarduerak falta zituen. Aipaturiko erakargarritasun naturalak ez ziren, nonbait, nahikoa. Egoeraren berri izanik, eta gertuko Donibane Lohizune eta Biarritzek izandako arrakasta aintzat harturik, haiek egin bezala, hiriko agintariek erabaki zuten, Donostia golfzelai eta hipodromo batez hornitzea. Hotelen elkarteak eta Donostiako Kasinoak, noski, egitasmo horren aldeko agertu ziren, irabaziak itzelak izango zirela bai baitzekiten.
Arlo horretan aditu ziren teknikari ingeles batzuk Donostiako inguruak bisitatzen izan ziren, golf-zelaia eraikitzeko lekurik aproposenaren bila. Joko horrek behar zituen baldintzak beteko zituen lur eremu bakarra aurkitu zuten: Lasarten kokatzen zen. Baina, Lasarteko Atsobakar baserriaren ingurua hartzeaz gain, Usurbilen zuen zatirik nagusiena, Txikierdiko Asteasuainaundi baserriko lurretan. Gaur egungo Urbil merkataritza gunea eta Lasarteko Urbarte bitarteko eremu guztia hartzen zuen. Hala ere, Lasarteko golfa esanda ezagutu zen, handik izan baitzuen sarrera.
1915ean zabaldu zen bederatzi zulo eta 240.000 metro koadro zituen Lasarteko golf-zelaia. 1965 aldera, “Real Golf Club de San Sebastián” klubak lur horiek utzi eta Hondarribian eraiki zuen zelai berrira aldatu zen.
Zubietako hipodromoa
Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) Europako zaldi lasterketen mundua geldiarazi eta hipodromoak itxiarazteak, Zubietako Arrapideko parajean hipodromo bat eraikitzea ahalbidetu zuen. Gatazkak iraun zuen bitartean, Europako zalditegi garrantzitsu zenbaitek instalakuntza horietan babestu zituen bere zaldiak.
1916ko uztailaren 2an inauguratu zen zaldi lasterketa eremua. Eraikuntza azkarra izan zen, urte berean hasi eta bukatu baitzituzten eraikitze eta atontze lanak. Lanik handiena, nonbait, Oriaren erriberako zingirak lehortzea izan zen. Eremuak 267.000 metro koadro hartzen zituen, 1.600 metroko soka eta 25 metro zabaleko hondarrezko pista zuen, ikusleentzat bi tribuna, zalditegiak eta autoentzat aparkalekua.
Lehen Mundu Gerra amaitutakoan, jarduera garrantzitsua izaten jarraitu zuen, nazioarteko parte hartzea nabarmen gutxitu arren. 1936ko gerran, ordea, eten egin behar izan ziren lasterketak, lehenago aipatu den moduan, hipodromoa aireportu militar bilakatu baitzuten. Gerra ostean, berriro ekin zitzaien lasterketei sari eta lehiaketa berriekin, gaur arte.
Baina zaldi karrerak ez ezik, urteroko neguko kros ospetsua nabarmentzen da hipodromoan, azken urteotan lehen zuen arrakasta asko apaldu den arren. Horiez gain, beste hamaika lehiaketa eta erakusketa egin izan dira eta egiten dira: sega-apustuak, euskal-jaiak, polo-partiduak eta abar.