Dema-plaza eta demarriak

Kaleberriko dema-plaza, Gipuzkoako luzeenetakoa.

Dema-plazak idi-demak jokatzeko egokiturik dauden plazak dira. Jokoa, funtsean, harri bat, demarria, ahalik eta distantzia gehien arrastatzean datza. Neurri desberdinak izaten dituzte dema-plazek, baina neurririk arruntena, luzean, 22 metro ingurukoa da, zortzi zintetan banaturik.

Plazarik sonatuenak Bizkaia aldean daude, zaletasun handia baitago han: Berriz, Abadiño, Markina, Isparter… Baina Gipuzkoan ere bada idi-dema txapelketak antolatzen dituzten zenbait plaza. Aiako eta Azkoitiko plazetan urtero antolatzen dira hainbat idi proba, baita urtero sona handia duen txapelketa ere, Deban. Horiez gain, gure inguruan beste hainbat plaza daude, eta haietan, Usurbilgoan bezala, txapelketak, apustuak edo erakusketak noizean behin antolatzen dira, besteak beste, Igeldo, Billabona, Asteasu, Zizurkil eta Astigarragan.

Zestoakoarekin batera dema-plazarik luzeenetakoa da Usurbilgo Kaleberrikoa. 38 metro luze da, eta 8 metro zabal. Kontuan harturik lehen eta azken zintak harria prestatzeko eta biratzeko erabiltzen direla, 12 dira plazak lehiarako dituen zintak. Lehen eta bigarren zinten artean dagoen harri edo gurutzeak adierazten du benetako plazaren hasiera. Errekarriak ditu dema-plazako zoruak, erdialdea espiralean eta haren inguruan modu geometrikoan antolatuta, zinta bakoitzeko; eta eremu osoa, zinta bakoitza bezala, galtzadarriz dago mugatua. Harria altu samarra denez, bertan egindako markak adierazten dituzten hainbat iltze edo giltza daude harrien arteko zirrikituetan sarturik. Izan ere, plaza bakoitzak bere berezitasunak eta demarriak izanik bere marka propioak ditu. Usurbilgo kasuan, adibidez, 3. eta 10. zintan ageri dira (betiere frontoi aldetik hasita) bere egunean egindako markak adierazten dituzten giltzak.

Plaza bakoitzak bereak eta beti betetzen ez ziren arauak bazituen ere lehen; federazioak arautuak ditu, gaur egun, ididemak. Idiak esaterako, 1.100 kg barruan egon behar du, eta hortik gorakoagatik gainkarga bat ezartzen zaio harriari. Txapelketetan, bestalde, 2.100 kiloko demarria erabiltzen da normalean, eta ordu erdian plaza gehien egiten dituena da garaile. Demarriaren arabera, idi bakarrak edo idi pareak egiten dio uztarri batean harriari tira, baina kasu bakan batzuetan, harri oso astuna bada, baita hiru edo lau idik uztarri batetik ere. Txapelketak baino gehiago, aurretik ezarritako markak hobetzea zein apustuak izan dira akuilu Usurbilgo plazan idi-demetan aritzeko. 1958an, adibidez, Bentako idiak, Itxaskuekoen aurka lehiatu ziren. Azken horiek nagusitu ziren.

Idi-demez gain, gizon-probak ere izan dira Usurbilgo plazan. 1986ko gizon-proban, esaterako, Euskal Herritik etorritako seina laguneko bost talde, Bizkaiko bi, eta Araba, Iparraldea eta Gipuzkoatik bana, lehiatu ziren. Usurbilgo taldea izan zen Gipuzkoako ordezkari, baina ez zen irabazle izan, Bizkaiko Markina gailendu baitzen, ia bi plaza osatuta. Lehenago ere jokatu ziren gizon-probak, eta horietan ere hainbat marka ezarri ziren.

Gaur egun, bi demarri ditugu Usurbilgo dema-plazan, eta hantxe daude biak, bazter batean mugitu gabe. 3.800 kiloko harria da bata, mugitzeko baldarra, alde batean bestean baino lodiagoa izanik, tiratzerakoan okertu egiten baita. Maspildegi ingurutik atera omen zuten harri puska hori, eta noizbait hautsi edo pitzatu bada ere, osorik dago egun. Bestea, txikiagoa eta berriagoa da, 2.200 kilo kanpoko harrobi batetik ekarritakoan, baina, orain, 1.800 kilo dituena. Hirugarren bat ere izan zen, karratu antzekoa, eta atzealdea aurrealdea baino zabalagoa zuena. Bitan hautsi zen. Hauetaz gain, badira hainbat demarri baserri bakan batzuetan, hala nola, Aginagako Gorostidin.

Errekarriz osaturiko irudi geometrikoak dituzte dema-plazako zintek.
Bentazikineko idiak lehian, 1958an.
Uztarri bakarrean demarri zaharrarekin.
Gizon-proba hastear, Usurbilgo dema-plazan.
1986ko gizon-proba demarri handiarekin.
Gaur egungo demarriak.
Ur-epel Usurbilgo demarri berria.
Gorostidi baserriko demarria.
Alamandegi aurrean egiten ziren idi-demak.
Zubietako demarriak.

Zubietan ere, Alamandegi ostatuaren eta errebote plazaren artean, egin izan dira idi-demak. Dema-plazarik egon ez arren, Alamandegi aurreko bidean, eliza ataritik Aizpuruko sarreraino izaten da behin behineko plaza. Erakustaldiak, baina, oso urriak dira. Urteak dira demarik egin ez dela. Bi demarri daude, eta une honetan pilotaleku berriaren ondoan daude.