Artzain txabolak, bordak eta aterpeak

Artikulatxikiko borda, Mendizorrozko eguteran

863ko “Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa” zerrendan Gipuzkoako herri eta auzoetako etxe eta baserri izenak agertzen dira, ezaugarri nagusiak eta erdigunetik zer distantziatara zegoen. Horretaz gain, beste datu interesgarri bat ere ematen digu, udalerri bakoitzeko artzain-txabola kopurua. Garai hartan, Usurbil osoan halako 16 zenbatu zirela dio, 1.806 metrora herrigunetik gertuena, eta 3.027 metrora urrunena. Eraikuntza xumeak ziren, morterorik gabeko harri-hormaz eginak, edo zurezkoak bestela, zotalezko estalkiarekin. Artzainaren aterpe ziren, bero, hotz edota elurretik babesteko. Andatzako administratzaileak, adibidez, bere artzaina izaten zuen, uda parteko hiru hilabeteetan, mendian soldatapean lanean. Baina txabola horien oso arrasto gutxi iritsi zaizkigu. Artzaintzaren berezko gainbeherari ez baitzion lagundu Andatza eta Irisasi mendiak Orreagako kolegiataren jabetzatik Estatuaren menpera pasatzeak. Hala, hainbat idatzitan ageri diren Oiardo, Biribillondo eta Beozako moduko txabolak, betiko galdu ziren. Andatzako Etumeta inguruan bakarrik topatu ditugu artzain txabola horietako bat izan daitekeenaren arrastoak.

Aurrekoez gain, udalerri osoan zehar barreiaturik hainbat borda daude. Mendian bazkan dabilenean, ganaduarentzat gaueko aterpe dira, batez ere, bordak, baina baita mendiko belardietako belar ondua biltzeko ere. Baserri aberatsenek etxetik aldendutako terrenoetan izan ohi zuten borda. Horietako asko dagoeneko galdu den arren, Mikelaitzondo azpiko Urkamendiko borda edo Portaleko txabola bezala, ondorengoak dira aurkitu ditugunak, sasi artean galduriko hondakin edo erortzeko zorian gehienak.

Etumetako artzain txabolaren pareten oinarriak