Bolatokiak

Kaleberriko bolatokia.
Aspaldikoa da bola-jokoa.

Lanarekin zerikusirik ez duen herri-kirol bakanetakoa da bola-jokoa. Eta bolatokiak, bolo-jokoan aritzeko espresuki prestaturiko tokiak dira. Nazioarteko mailan oso zabalduta egon arren, hemen bere ezaugarriak ditu. Jokatzeko modu asko dira, bolaren neurriak eta bolatokiak aldatu egiten baitira eskualde batetik bestera. Nafarroa eta Iparraldean ere baziren bolatokiak, baina bola-jokoa Araban eta Bizkaian dago hedatuen. Gure lurraldean ere, duela ez hainbeste, herri eta auzo gehienek zuten bolatokiren bat.

Lehen, sagardotegi adina bolatoki zegoela esaten da, eta gure herrian, izan zirenak ikusita, ez dela urruti ibiliko konturatuko gara. Antzinakoak estali gabeak izaten ziren eta eguraldiaren menpe ibili behar zen jokatu ala ez erabakitzeko. Apustu eta norgehiagoka bilakatu zen bola-jokoa, baina erronda nork ordaindu jokatzeko ere sistema paregabea zen.

“Eskuzulo” deritzo Gipuzkoan zabalduen dagoen bola-joko modalitateari, bolak hatz lodia batetik, eta bestetik, gainontzekoak sartzeko zuloak baititu. Bolaren pisua 7 eta 9,5 kilo bitartekoa da, artearen egurrarekin egina izatea komeni da, eta jokoan ari ez direnean, uretan gorde behar da. Birlak 22 metroko distantziara jartzen dira, harlauza lauki edo gainazal leun batean. 40 bat zentimetro altuerako 9 birla, ilara bakoitzean hiru. Birlen aurrealdean, berriz, hazbeteko birla txikia jartzen da, “txaparro” izenekoa, eta hura da bota edo ukitu behar ez den bakarra, akabo bestela! Jokoaren helburua, noski, 3 edo 5 botaldiak zenbatuta, ahalik eta birla gehien botatzea da. Bola-jokoan ondo aritzeko, indar kontua baino gehiago, teknika da gakoa. Izan ere, bolatokiak bola jaurtiketako oholetik irtendakoan, malda arina, baina malda du ezkerraldera, eta bazterra jotzea nahi ez bada, gurpila edo kontragurpila eman behar izaten zaio.

Bola-jokoarekin uztartuta, toka-jokoa doa. Bolatoki gehienek zuten, aldamenean, tokarako lekuren bat, eta batekin bukatutakoan besteari ekiten zioten.