Amaierako atal honetan, gaiarekin bat ez zetorrelako edo, aurrekoetan aipatu gabe geratu zaizkigunak dakarzkizuegu, guztiak atal berean, euren artean lotura gutxi eduki arren. Udalerrian zehar, batez ere mendialdean, orandik topa ditzakegun hainbat eraikinen aipamenarekin ekingo diogu, baserri eta etxeez gain badirelako bordak edota aterpeak. Garai bateko artzain txabolak ere ekarri ditugu lerrootara, nahiz eta horien arrastorik jada egon ez.
Dema-plaza eta pilotalekua,1953an.
Bestalde, dagoeneko desagertzear dagoen kultura baten lekuko izanik, ezin uler daiteke halako lan batean, lehen hain ugariak ziren bolatokien aipamenik ez egitea, edo idi-dema eta dema-plazen gaineko azalpenik ez ematea. Herri kirolek utzi diguten ondarearen zati dira biak, gizonen arteko norgehiagoka bata, eta animalien artekoa bestea. Garai bateko eguneroko lan arruntarekin loturarik ez duen herri-kirol bakarrak, bola-jokoak, zaletasun izugarria sortzen zuen lehen, beharbada, beste denbora pasa askorik ez zelako. Zoritxarrez, dozena izatetik bakarra izatera pasa gara. Idiei ematen zitzaien tratu txarra zela-eta, pasa den mendean eztabaida asko sortu zituzten idi-demek, batez ere, dema-plaza bikaina utzi digute Kaleberriko erdigunean.
Euskal Herrian oso errotuta dagoen kirola dugu pilotarena. Modalitate ugari ditu eta eraikuntza berezia behar du taxuz jokatu ahal izateko: frontoi edo pilotalekua. Hala, herrian ditugun pilotalekuen errepasoa egingo dugu, tartean noski, errebote plazak sartuz.
Hurrengo azpiatalean, berriz, gure herrian jokatu izan diren kirol berezi batzuen berri emango dugu, labur bada ere. Zaharrenak salbu, gutxi dira jakitun Usurbilen halakorik egon denik. Kirol horietako batzuk dagoeneko aztarnarik gabe desagertu arren, hona ekarri nahi izan ditugu ondare historikoa ere badirelakoan, golfa, eta Zubietako hipodromoan jokatutako lehiaketa, txapelketak eta erakustaldiak.
Amaitzeko, herriko auzoetako plazetan ditugun arte-lanen errepasoa egingo dugu, horietako asko berriak izan arren, herriko ondare baitira. Sarritan eskultura edo oroigarria ezagun bazaigu ere, ez dugu jakiten nork egina den, ezta noren omenez jarri edo ezer adierazten duen ere.
Mapa
- Artzain txabolak, bordak eta aterpeak
- 1. Artikulatxikiko borda
- 2. Mapilgo borda
- 3. Bordatxuri
- 4. Illunbeko borda
- 5. Armiamategiko txabola
- 6. Andatzako tontorreko aterpea
- 7. Andatzako atsedenlekuko aterpea
- 8. Goiko guardaren etxea
- Bolatokiak
- 1. Kaleberriko bolatokia
- Dema-plaza eta demarriak
- 1. Kaleberri
- Pilotalekuak
- 1. Kaleberri
- 2. Zubieta
- 3. Aginaga
- 4. Txokoalde
- 5. Kalezar
- 6. Agerialde
- 7. Artzabal
- Golf-zelaia eta hipodromoa
- 1. Golf-zelaia
- 2. Arrapideko hipodromoa
- Monumentu eta eskulturak
- 1. Zuhaitz
- 2. Udarregiren eskultura
- 3. Zumetaren murala
- 3. Beste zenbait mural
- 4. Mikel laboa plaza
- 5. Askatasuna plazako irudiak
- 6. Sagardoaren monumentua
- 7. Seigarren mendeurrenaren oroigarria
- 8. Laka eskuktorearen monumentua
- 9. Zinkezko ibaia