Aizpurua baserriaren aurrean zegoen Zubietako geralekua, eta han dago oraindik nasa zaharra, belarrez estalia. Eraikuntza ere bazuen alboan, baina ez da haren aztarnarik geratzen. Kalea baserriko Juan Xarra ibili omen zen geralekuan lanean eta Zubietako pasonibela zaintzen bere banderarekin. Izan ere, lau pasonibel zeuden Zubietan: Altzu baserria baino lehen, lehena, aipatutako Zubietakoa, hurrena, eta Etxeberri eta Irurubieta etxeen parean, beste biak. Lehen pasonibela Kateak esanda ezagutzen zen, trenbideak babeserako kateak omen zituen-eta albo banatan. Tren zerbitzua eten zenean, geralekua belar biltegi moduan erabili zen, baita ijito familia batzuentzat gaua pasatzeko aterpe ere izan zen. Suak hondatuta, urte batzuetara bota egin zuten geralekuko eraikina.