Urdaiaga
Errepideen mantentzea eta konponketak egiteko bidezain edo kamineroak zeuden moduan, tren konpainiak trenbidezainak edo kaltzadoreak zituen trenbidea behar bezala edukitzeko. Errailak nibelatzea, trenbide-trabesen azpitik balastoa zabaltzea, eta lubizi nahiz eroritako zuhaitz adarrek eragindako kalteak konpontzea zen, besteak beste, peoi horien zeregina, eta trenbidean barrena, atzera eta aurrera, ibili ohi ziren eskuz palanka bati eraginda mugitzen zen “mesilla” izeneko bagonetetan. Trena zetorrenean “mesilla” altxa, baztertu eta trenbidea libre uzten zuten, atzera errail gainean jartzeko. Mantenimenduaz gain, bai langile horiek eta bai geltokietako arduradunak, zegokien trenbide zatian barrena ibiltzen ziren ilunabarrean edo egunsentirako, oinez eta farola eskuan, oztoporen bat ote zegoen ikusteko. Bada, peoi horietako batzuen eta bere familien etxebizitza izan zen Txokoaldeko hau.