Trenbidearen ibilbideari dagokionez, lehen enpresa haren trazadurak gaur egun ezagutzen dugunarekin ez zuen zerikusirik, gaurkoaren guztiz bestelakoa zen. Txikierditik Lasartera zihoan lehenik, han geltokia baitzuen. Ondoren, Lasarteko zubitik Oria ibaia igarota, Zubietako erriberak zeharkatzen zituen eta Santueneraino iritsi. Tarte horretan hiru geraleku zituen: Zubietakoa, Aizpurua baserriaren aurrean lehena, Irurubieta baserriaren ondoan, bigarrena, eta Santuenean, hirugarrena, Usurbilgoa. Hortik aurrera ere ez zuen gaurko ibilbidea jarraitzen burdinbideak. Txokoaldera, Irabiko erriberetan barrena, ibaiertzetik baitzihoan. Oriora bidean, udalerriko azken zatia, ibaiaren bihurguneei jarraituz, Irisasin barrena egiten zuen, gaur oraindik egiten duen bide beretik.
Zerbitzua hobetu eta modernizatu nahian, 1913an hasi ziren, lehenengoz, Zubietan barreneko ibilbidea utzi eta gaur ezagutzen duguna erabiltzen. Horretarako beste hiru tunel zulatu eta Oria gaineko beste zubia eraiki ziren. Fortaleza gaina zeharkatzen duena, lehena (270 m), Bizkarreko muinokoa, ondoren (135 m), eta Sañarrienetik Txokoalde bitartekoa, azkenik (620 m). Arroarrotik Latindegirako laugarren tunela (230 m) lehen ibilbidea egiterakoan zulatu zen.
Baina, ibilbide berria zabaldu eta Zubietakoa behin betiko utzi bazen ere, Txikierditik Lasarterainoko adarrak martxan jarraitu zuen urte luzez, 1960ko hamarkada arte. Gaur egun Lasarteraino iristen den Euskotren konpainiaren adarra, aldiz, berria da, duela urte batzuk eraikia. Amaierako geltokia ere ez du zaharrak zuen leku berean.
1905eko Plano Topografiko Militarrean Usurbil, Zubieta, Txikierdi eta Lasarte inguruan diren eta izan diren trenbideak azaltzen dira. [Mapa ikusi]