Kaleberri eta Kalezarkoen modura Aginagarrek ere gurutze-bidea zuten, eta prozesioa nahiz kalbarioa egiten zuten Aste Santuan. Elizalden ez bezala, baina, bide ertzeko gurutze gehienak mantendu egin dira. Hala, Asisko San Frantzisko eliza zaharretik gora, hilerritik pasa eta Irigointxo baserrira bitartean, gurutzebideko gurutzeak ikus daitezke, zazpigarrena izan ezik, lehenetik XIII.era, hogei bat metroko tarteaz banatuta. Bidearen eskuinaldean daude guztiak, lehena izan ezik. Kaleberrikoen tamaina dute, behealdean oinarri sendoagoa eduki arren. Oinarri horretan, erromatar zenbakien bidez, zenbatgarrena den adierazten da. Porlanezkoak dira, eta gurutze bat bestearen gainean gainezartzen da. Erdian gurutzea dute landua.
Kalbarioa lehenagotik egiten bazen ere, duela 80 bat urte eraikiarazi zituen gurutzeak Anttoni Begiristain andreak, Lertxundiko alaba zenak. Donostiako Jose IƱigez zuen senarra, eta hori hildakoan eginarazi zituen gurutzeak, oso fededuna baitzen.