Elizalde
Mendiaren tontorrean kokatzen da bigarren karlistaldiko Mendizorrozko gotorlekua, Usurbil eta Donostia arteko mugalerroan. Kota ezberdinetan eraikitako harresi eta lubakiek, gutxi gorabehera, oinplano angeluzuzeneko bi barruti zentrokide eratzen dituzte. Antenatzarrez josia eta sasiak jota badago ere, oraindik ikusgai dira tamaina ezberdineko harlanduz altxatutako hainbat horma.
1936ko gerran ere errepublikarren kokagune izan zen, eta garai hartakoak dira hegoaldeko murruan dauden lubakiak. Urte batzuk beranduago, frankismoan eraikiak dira tontor gaineko aldare eta gurutzea nahiz hegoaldetik hara iristeko eskailerak.