Iturri eta iturburuak

Gure herrian oraindik iturri on ugari dagoen arren, salbuespenak salbuespen, erreketako ura zikin eta kutsatu samar dago. Ura ez da behar bezala baloratu eta hainbat iturri galtzera iritsi dira. Gure arbasoek beste modu batera baloratzen zuten ura, lortzeak berak bere lan eta kostua baitzuen. Dena dela, oraindik baserri guztiek dute, han edo hemen, iturbururen bat ur hornidurarako. Guztiek dute ura negu partean, erruz gainera, baina uda iristean izaten dira komeriak. Sekula agortu ez direnak badauden arren, oro har, ur emaria asko murrizten zaie. Herriko ura iristearekin bat, ordea, horietako askoren mantentze-lanak egitea ahaztu eta, egun, galduak edo erabilerarik gabe daude. Beste iturri batzuk, berriz, edateko ez bada ere, ureztatu edo ganaduarentzat ura ekartzearren txukun mantendu dituzte. Herriguneetako iturriak, aldiz, kanalizazio eta obren bidez eraikitakoak dira, eta zuzenean udaleko saretik hartzen dute ura.

Ondoren, udalerrian zehar barreiaturik aurkitu ditugun iturri eta iturburuak aipatuko ditugu, baita garai batean izandakoak ere. Dena dela, behar adina bilatu eta galdetu arren, ziur orriotatik kanpo utziko dugula baten bat, hainbeste baitira lurpean ura pilatu eta puntu zehatz batean azaleratzen diren iturburuak! Horietako asko egokituta daude, eta tututik irteten zaie ura. Askok, gainera, ganaduarentzat aska edota gorabalekua dute inguruan.