Uraren indarraz baliatzen den ponpa hidraulikoa da arietea, alikatea edo anikatea batzuen ahotan. Tramankulu berezia zen, perretxiko formako buruduna eta errekan bertan jarri ohi zen. Metro batzuk errekan gora presatxoa edo ur saltoa behar zuen, ondoren energia horretaz baliatuz, hartzen zuen uraren lautik bat, edo gutxiago, goiko depositu batera igotzeko. Astiro-astiro eta kolpez kolpe, batere kosturik gabe, baserriaren goialdeko depositura igotzen zuen ura. Ondoren, grabitatez eta ur-biltegiko uraren beraren presioaz etxeko beharretarako erabili ahal zuten.
Pasa den mendean, arietea oso erabilia izan zen erreka zokoetatik baserrietara ura igotzeko. Ezin zen, baina, edozein erreketan jarri, ur-emari minimoa beharrezkoa zuen. Baldintza hori bete ezean, lehen bezala ura barriketan igo edo uraren indarra gizonarenagatik ordezkatuko zuen eskuzko ponpa jarri beharra zegoen. Lan handia ematen zuen gainera, bi astetik behin, gutxienez, burua hustu behar izaten zitzaiolako, urez beteta edukitzean ez baitzen ibiltzen. Horrelako tramankulua ezagutu dutenek jakingo dute soinu berezia zuela, ohikoa zela erreka-zulo batean errekaren murmurio amaigabea eta txorien kantuez gain, arietearen tak-tak-tak hotsa entzutea. Gaur egun zaila da horrelako soinurik entzutea inguruan, udalerri osoan arietea oraindik martxan duen baserririk ez baitugu topatu. Duela hamar bat urte arte martxan izan zutenak bai, baina sareko ura jarri zietenetik, deskuidatu, hondatu eta egun ez dabilela diote. Edo 1997ko uholdeetan uharrak eraman zuela, edo erreka-zokoan betelana egiterakoan estalita geratu zela…
Urteak aurrera joan ahala, arietea ponpa elektrikoak ordezkatu zuen. Nahiz eta, arieteak ez bezala, argi indarra behar izan, ur kantitate handiagoa eta gorago igotzeko gai zen, eta, batez ere, hainbeste matxura eta lan eman gabe igotzen zuen. Batzuetan lehenago, besteetan geroago, baserri askotan motobonbak aurre hartu zion arieteari.