Duela urte asko ez arte, Aste Santuan prozesioa egiten zen Usurbilgo Salbatore elizaren inguruan. Ostegun Santu arratsaldean izaten zen, meza ostean, eta ostiral goizean, kalbarioa. Elizatik abiatuta, Puntapax eta Ugarten gora, gurutze-bidea Kalezarko Sokorroko Amaren ermita eta Ospitaltxiki aurrera iristen zen, bertan arrosarioa errezatu eta kantatzeko. Ondoren, Kalezar gurutzatuta Bizkartxotik behera kaxkora itzultzen ziren. Elizatik ermitara bitarteko zatian, hamahiru gurutze zeuden bide ertzean, eta osteguneko prozesioan ez bezala, ostiraleko kalbarioan gurutze guztietan geratzen zen segizioa otoitz egitera, aita gurea. Hirugarren eta zazpigarren gurutzean, gainera, Jesukristo horietan erori zela gogoratzeko, lurrari muin egiten zitzaion. 25 bat urte igaro dira kaleko prozesioa irteten ez dela. Orduz geroztik, ospakizuna eliza barruan egiten dute.
Errepide zabaltzeak eta eraikuntza berriak medio, gurutze-bide hartako gurutze asko dagoeneko desagertu dira. Hala ere, oraindik geratzen dira batzuk, gurutze-bidearen hasiera eta amaiera partean. Baina hain daude txertatuak paisaian, sarritan ohartu ere ez gara egiten.
Metro eta erdi eta bi metro bitarteko altuera, eta metro inguruko beso-luzera duten gurutze latinoak dira, oinarriarekin azpian. Oinarri horietako batzuetan dagokion zenbakia dute grabaturik. Paretan sarturik daude gehienak, baina baita baten bat libre ere. Hareharrizkoak dira, eta berriagoak porlanezkoak. Ebakidura karratua izan arren, badaude erronboide-formako beso eta oina dituztenak. Erdian, eta baita beherago ere, beste gurutze txiki batentzat hutsunea dute batzuek, eta garai batean barnean egurrezko gurutzetxoa zuten, antza denez, benetakoaren zatiez egina. Honakoak dira geratzen direnak:
Gainerakoak
II. gurutzea: Sutegi kultur etxearen orubean zegoen etxeko horman sartuta; IV. gurutzea GaztaƱagako harresi zaharrean, gaurko Bordatxoko errotondan; V. eta VI. gurutzeak: Artzabal baserriaren inguruan, atzealdean zuen petrilaren kontra, bidearen eskuinean; VII. gurutzea: Soroarte etxea igarota bideak egiten zuen bihurgunean, bidearen ezkerrean; VIII. gurutzea: Puntapax zubia igarota, bidearen eskuinean; eta IX. gurutzea: Ugarteko aldaparen hasieran.
II. gurutzea pilotaleku pareko etxearen horman zegoen, egungo Sutegi kultur etxean.