Gipuzkoan, 1863ko irailaren 1ean jarri zen abian lehendabiziko trena, Beasain eta Donostia arteko zatia lotu zituena. Urtebete beranduago, osatuta geratzen zen gure lurraldea alderik alde zeharkatuko zuen trenbidea. Norteko Trenbidearen bidez, Madril eta Paris, Euskal Herritik barrena, loturik geratu ziren.
Lurrin makina Sañarrieneko trenaren zubian, trenbidearen mendeurrenean, 1995ean.
Usurbildik igarotzen den trena, berriz, 1895eko apirilaren 9an abiarazi zuen lehenengoz Compañía del Ferrocarril de Elgoibar a San Sebastián enpresak, Zarautz Donostiarekin lotuz. Baina enpresaren egoera ekonomiko larria eta zeharkatu beharreko orografia korapilatsua tarteko, Zarauztik aurrera trena ez zen 1901era arte abiatu. Urte hartan, loturik geratu ziren Donostia eta Elgoibar. Azken herri horretatik aurrera, Bilbo Zumarragarekin lotzen zuen Central de Vizcaya enpresaren trenbidea zegoen, jada 1889rako eraikia eta martxan. 1906an, bi enpresek bat egin zuten Compañía de los Ferrocarriles Vascongados sortzeko, eta 1929an, lurrin-makinak albora utzita, argindarra sartu zuten.
1970ko hamarkadan, bide estuko trenbide enpresen egoera ez zen batere ona, Vascongados eta Topoak bakarrik zirauten bizirik, ozta-ozta bazen ere. Errepidea trenbideari gailendu zitzaion eta administrazioak ere haren aldeko apustua egin zuen. Hala, galerak hain handiak zirenez, 1973an, zerbitzua bertan behera uztea beste aukerarik ez zen egon. Orduan, FEVEk, Estatuko bide estuen enpresa publikoak hartu zituen bere gain azken bi horiek. Hasiera batean, zerbitzuari eutsi besterik ez zuen egin, baina poliki- poliki zerbitzua modernizatzeari ekin zion. Eusko Kontseilu Nagusiak trenbideen gaineko eskumena lortuta, 1982an sortu zen Eusko Trenbideak enpresa, gaur egun ezagutzen dugun Euskotren bera.
Gure herria zeharkatzen zuen trenbidea, ondoren Gipuzkoan barrena sortu ziren gehienak bezala, trenbide estukoa zen, metro bateko zabalerakoa, eta hala izaten jarraitzen du. Norteko Trenbideak edo 1941etik aurrera RENFEk, aldiz, 1,67 metro zabal ditu, nahiz eta Europan 1,44 metroko zabalera duten trenbideak nagusi izan.
Baina, Usurbilgo udalerritik beste trenbide bat ere igarotzen zen. Hain zuzen, 1914ko urtarrilaren 20an lehenengoz abiatu zen Plazaola trena, gure herritik irteten zen. Plazaola meatzeetatik Andoaingo geltokira mea garraiatzeko trena besterik ez zen hasieran, baina gerora, bi muturretatik luzatuta, Iruñea Usurbilekin lotu zituen. Hala, Vascongados trenarekin bat eginda, Iruñea Donostiarekin zuzenean loturik geratu zen, Altsasutik pasa behar izan gabe. Dena dela, bizitza laburra izan zuen Plazaolak. Errepide bidezko garraioak berebiziko konpetentzia egiten zion, eta 1953an izandako uholde ikaragarri haien ondorioz, zerbitzua betiko etenda geratu zen.
Mapa
- Trenbidea
- 1. Zubietako trenbidea
- 2. Zubietako geralekua
- 3. Hipodromoko zubia
- 4. Iturraldeko zubia
- 5. Artzabaletako trenzubia
- 6. Txikierdi-Lasarte geltokia
- 7. Txikierdiko aspi-estazioa
- 8. Txaparreneko geralekua
- 9. Usurbilgo geltokia
- 10. Sañarrieneko trenzubia
- 11. Txokoaldeko trenbidezainen etxea
- 12. Aginagako geltokia
- 13. Olaberrietako trenzubia
- Aerodromoak
- 1. Asteasuaingo aerodromoaa
- 2. Arrapideko aerodromoa