Karlistaldiak
Europako kontinentea gogor astindu zuen iraultza-olatu baten barruan garatu ziren karlistaldiak. Tronuaren ondorengotza zela eta, On Karlosen aldekoen eta bere iloba Isabelen aldekoen arteko gatazka izan zen.
Mendizorrozko gotorlekuaren grabatua, iparraldetik ikusita, 1876an. Gerardo Cubero.
Baina Hego Euskal Herrian gatazka are biziagoa izan zen, bestelako arazoak nahasi baitziren: batetik, aurrez aurre zeuden foruak defenditzen zituzten erregimen tradizionalaren aldekoak eta lurraldemarko estatalean sartu nahi zutenak, eta, bestetik, antzinako batasun katolikoa eta produkzio sistema ekonomikoak ere mehatxaturik sentitzen ziren.
Gatazka giro orokor horretan piztu zen Lehen Karlistaldia (1832-1839), non On Karlosen aldekoek Hego Euskal Herri osoa hartu zuten, bando liberalaren aldeko ziren jauntxoen menpeko hiriburuak izan ezik. Hainbat hamarkada itxuraz bakean igaro eta gero, Espainiako koroaren gainean piztutako gatazka politikoek Bigarren edo Azken Karlistaldia (1872-1876) izan zuten ondorio.XIX mendean zehar izandako karlistaldiotan gure herriak zeregin militar garrantzitsua izan zuen. Izan ere, Donostia mugakide izanik, karlisten gotorlekuen lerroa Usurbilgo hainbat gainetan kokatzen zen, aurrez aurre liberalenak zituztela. 1876ko urtarrilean harturiko plano topografikoan, garbi ikus daiteke karlistek zuten kokapena. Herri nagusi eta komunikabide garrantzitsuenak mendean hartzearren, muinoen goialdean egoten ziren, eta zituzten ezaugarrien arabera forte, bateria, parapeto-gune, etxe gotor edo besterik gabe lubakiak izan zitezkeen.
Mapa
- 1. Mendizorrotz
- 2. Bordatxo edo Arratzain
- 3. Artxubieta
- 4. Bentazikin
- 5. Aritzeta
- 6. Aritzeta-Zelaiaundi
- 7. Zelaiaundi
- 8. San Esteban
- 9. Gaztelu
- 10. Hipodromoko erregai biltegia eta lehergailu gordetegia
- 11. Zubietamendiko lubakiak