
Ezagutzen al dugu Usurbil?
Noaua! Kultur Elkartearen proposamen baten haritik, Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibaren
eta Usurbilgo Udalaren laguntzarekin orain bost urte argitaratu zen Usurbilgo Baserriak eta
Baserritarrak. Josu Tellabidek osatutako liburu mardul harek Usurbilgo historia biziaren azken mendeak
hurbiletik ezagutzeko aukera eskuera jarri zigun. Eta etxean maiz helduko diogu, dela daturen
bat gogoratzeko, dela senide edo lagunekin bazkal osteko solasaldietan zalantzaren bat argitzeko...
Oraingo honetan, liburu haren kupeleko sagardotik beste txotxaldi bat eskaini nahi dizugu. Alkartasuna
Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak 100 urte bete zituen iaz eta baserrietako lehengo liburu
hura osatuko zuen beste bat egiteko asmoa azaldu zuen: herri barruti osoan, erribera, mendi, erreka
eta abarretan, sakabanatuta dagoen ondarea bildu eta agertuko zuen liburua. Asmo berri honi gogoz
eutsi zioten Noaua! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Liburuaren eginkizuna, aurrekoa burutu
zuen Josu Tellabide berari eskaini zitzaion eta Asier Agirresaroberekin batera gauzatu du, makina bat
herritarren laguntzari esker, noski... Esker mila denoi.
Esker mila, atzera eta aurrera eguneroko jardunean gabiltzala, zaila egiten bai zaigu herriko ondarearen
ezagutzaz arduratzea. Izan ere, azken hamarkadetako bizimoduaren abiada eroak nekez uzten
digu patxadazko tarterik hartzen. Honexegatik berebiziko garrantzia ematen diogu Usurbilgo eta
usurbildarron historiaren lekuko ugariak jaso eta ezagutu nahi dituen guztiari ondare oparo hau etxera
hurbildu digun liburu honi.
Egileek dioten moduan, liburu honen xedeak bikoitza beharko luke izan ordea: helburu nagusiena herriko
ondarea ezagutzera ematea bada ere, horrez gain, altxor horien guztien zaintza ere bermatu beharko
genuke. Ea biak lortzen ditugun.
Gure Usurbil maitatzeko sobera bide badugu ere, liburu eder honek beste arrazoi mordoa
eskaintzen
digu maitasun hori areagotzeko, lehenaz gain...
Goza dezazula!