Teileriak

Material zeramikoa egitea zuten helburu teileriek, batez ere teila eta adreiluak. Antzinako langintza da, erromatarrek ekarri baitzuten euskal lurraldeetara. Nahiz eta gerora, beraiekin batera galdu, Erdi Aroaren azkenean hasi ziren teileriak berpizten. Suteak saihesteko egurra baino material aproposagoa zen zeramika, eta eraikuntzetan, baserria tarteko, gaurdaino zabalduz eta indartuz etorri da zeramikaren erabilera.

Hasierako teilerietako lana erraza zen, eta ondorioz, hainbat mendetan ez zuten bilakaera nabarmenik ezagutu. Gutxienez hiru eta gehienez bost bat langile izaten ziren, betiere, maisuaren zaintzapean. XX. mendearen lehen herenean, aldiz, teileri lantegi modernoak sortu zirela eta, teileri tradizionalak desagertzen joan ziren. Gure herrian ere, orduan galdu ziren azken teileriak.

Uriberriberriko teila labeak.

Urtean zehar lansaioa honela antolatzen zen:

Negu partean buztinetara joaten ziren, teilak egiteko lehengai bila. Aginagako Gomentzaneko erriberetan Tellalur izeneko parajea dago, eta bertatik hartu ahal izan zuten buztina. Udaberrian landu egiten zuten, ura eta bestelako elementuekin (harea, kuartzoa…) nahastuz. Moldeatu ondoren, udara arte lehortzen uzten zituzten eraikuntza aproposetan. Udaran egiten zen egosketa, eta astebete edo aste eta erdi irauten zuen. Eskaeraren arabera, urtean bi labekada edo gehiago egiten zituzten. Oro har, teilerietako labea lau zatitan banatzen zen: behean, sutegia edo sutokia, non, ote, egur eta abarrez, goiko buztina egosteko sua egiten zen; goian, egosteko labea bera; eta tartean, parrila, buztinezkoa, trinkoa eta zuloduna, sutokiko beroa labera pasa zedin. Azkenik, eta ez beti, labearen gainak estalkia zeraman euri eta ekaitzetatik babesteko. Moldeatutako buztina parrila gainean jarri ondoren, labearen goialdea zeharo estaltzen zen zuhaitz adar eta buztinez, egosteko beharrezkoa zuen tenperatura har zezan labeak.