Antzina, gure udalerrian harrobi ugari zabaldu ziren, nahiz eta gaur egun bat bera ere ez egon lanean. Harrobi horietatik ateratzen zuten harriaren erabilera anitza zen. Bideak konpontzeko izan zitekeen, edo karea lortzeko, baita errotentzako errotarriak egiteko ere. Udalerritik igarotzen den autopistak ere, inguruko mendi hegietan hainbat harrobi irekiarazi zituen betelanak finkatzeko beharrezko harria ateratzeko. Urtetako harrobia da horren adibide, autopista eraikitzerakoan zulo handi bat geratu zen, gero urez bete zena.
Baserri askok bere harrobi partikularra zuen, etxeko bideak konpontzeko. Txikiak izan ohi ziren, eta apenas utzi diguten arrastorik. Modu berean, herri-lurretako harrobietatik ateratako harria, herribideak txukuntzeko erabiltzen zen. Barreno edo laztabinarekin zulo mordoa egin ondoren erauzten zen harria, eta behar izanez gero bertan borra eta pikotxarekin txikitu. Azken urteetan leherkaria ere erabiltzen zen harria ateratzeko. Ondoren, bidea konpondu behar zen lekuetara garraiatzen zen, idi pare eta gurdiekin, eta bertan bota ostean, ongi txikitu eta zanpatu. Harri konkorrak agerian geratzea ez zen komeni, eta orduan, lurrez estaltzen ziren harri arteko zulo eta tarte guztiak.
Usurbilgo udalerriko herri-bide sarea auzolanean konpontzen zen. Bide inguruko baserritarren artean egiten zen lanerako koadrila. Nagusi edo patroirik egon ez arren, arduraduna izaten zen, normalean auzoko pertsona aditua. Txandaka egiten zuten lan, harrobian barrenatzen aritzen ziren batzuk, garraioan itzain besteak, eta harria jotzen beste asko. Idi parea eta gurdia jartzen zuten batzuek, eta ezer jartzen ez zutenek ordu gehiago lan egin behar zuten. Udalak, berriz, harrobiez gain tresneria jartzen zuen, palak, borrak, laztabina, palankak… eta horretaz aparte, nola ez, hamaiketakoa eta ardoa.
Karobietako lehengaia lortzeko, kareharrizko beta edo zainetan kokatutako harrobiak ustiatzen ziren. Errotarriak ateratzeko harrobiak, Andatza-Irisasi inguruan aurki ditzakegu, mordoska gainera. Andatzako hareharriarekin (andatzarria) lortutako errotarriak ospe handia zuen. Andoain, Urnieta, Hernani eta inguruko beste hainbat herritatik eskatzen ziren espresuki harrobi horietako errotarriak bere kalitate ona zela eta.