Gobaralekuak

Hasieran, herritarrek, edo hobeto esanda, emakumeek, erreka edo errioan jarritako harrietan garbitzen zituzten arropak. Baina erreketako urak, giza jarduera medio, garbiak ez izateak, batetik; eta kontsumorako urarekin gertatu zen moduan, ura etxeraino hurbiltzen hasteak, bestetik, erreka utzi eta arropa gobaralekuetan garbitzea ekarri zuen. Erruz ugaritu ziren orduan, bai herriguneetan, bai etxe gehienetan. Herriguneetakoek hiruzpalau latsarri zituzten gobara egiteko, edo gehiago, eta estalita egon zitezkeen. Baserrietakoek, aldiz, bakarra, edo asko jota parea zuten. Errekako uraz baliatzen ziren iturria ez zutenak. Ganaduak edateko aska ere batek baino gehiagok zuen.

Gobaralekuen erabileraren beherakada ura etxean bertan sartzean etorri zen. Eta nola ez, geroago, etxeko ikuzgailuak sortu zirenean. Urteak joan ahala, gobaralekuei erabilerarik ematen ez zitzaienez, obra eta eraikin berriak tarteko, desagertzen joan ziren. Hala, gaur egun, baserrietako gobaraleku txikiak izan ezik, herriguneetakoak jada galdu zaizkigu.

gobaralekuak_01
Gobara egiten Antzuolan, lehen Usurbilen egiten zen moduan.