Burdinolak

burdinolak_01
Agorregiko burdinola (Aia) zaharberritu baino lehen, 1986an.

Minerala eta sua zentzuzko giza-esfortzuarekin konbinaturik, mende luzeek emaniko irakaspenen laguntzaz... Hala lantzen zen metala, gizateriaren asmakizun handienetakoa, suarenak bakarrik gainditzen duena.

Penintsula iberiarrean lehen metalurgia gure aroaren aurretik hirugarren milurtekoaren erdialdera agertu bazen ere, Behe Erdi Aroraino itxaron behar izan genuen metalgintzaren zereginetan hidraulikaz baliatzen hasteko. Hala, Gipuzkoan dokumentaturik agertzen diren lehen burdinolak XIII. mendekoak ditugu. Nafarroaren mendebaldea Gaztelak konkistatzeak, merkataritzaren gorakadak eta garapen teknikoak, hazkunde demografikoarekin batera, hiribildu ugariren sorrera ekarri zuen, eta horrek guztiak tresna, arma eta lanerako lanabesak egiteko burdinaren gero eta eskaera handiagoa. Burdina egunerokotasunaren partaide bilakatu zen, eta gure lurraldeak burdina lantzeko beharrezkoak ziren hiru baldintzak betetzen zituen: burdin meatokiak, baso ugari eta ur-korronte edo errekak.

Hala ere, esan beharra dago olagizonak ibai bazterrean aritu baino lehen, beren jarduna mendian burutu zutela, meatze, ikatz eta haize nagusiaren arabera kokatutako labeetan: haizeola eta masukeretan. Baina Usurbilen horrelakoen berriz ez dugunez, oraingoz, ibaietako olekin jarraituko dugu, zeharrola edo burdinolekin.

Ibaietako burdinolak XIII. mendetik aurrera sortu arren, XV. eta XVI. mendeetan ezagutuko dute garairik oparoena. Gipuzkoan eta Bizkaian esaterako, 300dik gora burdinola hidrauliko zenbatu ziren garai horretan. Gainbehera, berriz, XVIII. mendearen hondarrean eta hurrengoan zehar pairatu zuten, orduan itxi baitziren gure lurraldean azkenetako burdinolak. Euskal Herriari hainbesteko sona eman zioten burdinolak, bitan beirezten dira: nagusiak eta txikiak. Lehenek, burdin minerala burdin totxo bihurtzeko ardura zuten; eta gabitegi edo burdinola txikiek, handietatik ekarritako totxoez baliatu eta forjaketa bidez, profil ezberdinetako barra luzeak lortzen zituzten, ondoren sutegietan lanabes, arma edo bestelako tresna bilakatzeko.

Burdinola baten funtzionamendua oso da sinplea, eta errotarenetik ez du alde handirik. Ibai edo ur-emari handiko errekatik ura desbideratzen zen lehenik, presa bidez, eta ubidez ola gaineko antepara, aldaparo edo uraskara eramaten. Lanerako orduan, ola barrualdetik tapoi edo txinboak altxatzen zituen olagizonak, eta bildutako ura gurpil hidraulikoen gainera erortzen zen, biraketa mugimendua sorraraziz. Oro har, bi gurpil izaten ziren burdinoletan: batak sutegia bizitzeko hauspoak mugitzen zituen, eta besteak ingudean mailuka aritzen zen gabia edo mailu handia. Minutuko ehunen bat kolpetik gora ematera iristen ziren. Burdinoletan lauzpabost langilek egiten zuten lan, larruzko mantala, hanka babesleak eta kapela zabalarekin jantzita. Urte sasoiaren arabera egiten zuten lan, urritik maiatza bitartean, ur eskasiak ezinezkoa egiten baitzuen jarduna aurrera ateratzea agorraldian. Negu partean, aldiz, lan erritmoa etengabea zen, gau eta egun, jo eta su geratu gabe aritzera iritsi arte.

Burdin meari dagokionez, bi jatorri zituen: bertakoa, kalitate kaskarragokoa, inguruko beta edo harlastetatik ustiatzen zena, eta gabarretan ibaian gora kanpotik ekarritakoa, Somorrostrotik batik bat. Txokoaldeko Urdaiagako moiletan eta Atxegazarrekoetan deskargatzen zen, ondoren lantegietara banatzeko.