Aerodromoak
3
Usurbilgo aireportuaren proiektuaKALEZAR/TXIKIERDI
1975 inguruan atera zen argira Usurbilgo hirugarren aireportuaren egitasmoa. 60ko hamarkadan inauguratu zuten Hondarribiko aireportua hegazkin handientzat ez zela egokia zioten, eta hegazkinek Estatu frantsesaren aire eremutik igaro behar zutela gaineratu. Handitu behar zela esanez hasi ziren, baina aurrerapenaren izenean, azkenean, Usurbilgo aireportua Euskal Herriko hoberena izango zela adierazten amaitu zuten.

Hala, Hondarribiko aireportuak zituen hutsune ugari tarteko, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, Aldundiak eta Donostiako udaletxeak, aireportua hobetu asmoz, azterketa teknikoa abiarazteko beharrezko dirua jarri zuten. Lan horretan ari zirela, Gipuzkoako orografia menditsuan barrena beste zenbait kokagune berri aztertu zituzten. Hautatutako lur eremuak honakoak izan ziren: Getaria, Mendizorrotz, Andatza, Usurbil, Errekaldeberri, Ametzagaina, Zumaia eta Hondarribia bera edo Jaizkibel. Kokagune bakoitzaren alde onak emandako puntuazioaren arabera, askogatik, Usurbil omen zen leku aproposena. Andatzako aukeraren inguruan, Ziortzatik Zarateko lepora bitarteko gainetan zihoala, besterik ez dakigu.

Baina, Usurbilen, non galdetuko duzue? Bada, ez pentsa bailara hondoak erabili behar zituztenik, mendi edo bizkar gainak baizik. Hasiera batean, 2.100 metroko pista eraiki nahi zuten Añorgako Manttalin eta Bidartetik hasi eta Aritzetaraino luzatzen den mendi bizkarreko landa lurretan. Lur mugimendu lan txikia omen zen bertan egin beharrekoa. Bigarren fase batean, berriz, 2.500 edo 3.000 metroraino luzatzeko asmoa zuten pista: erreka-zoko batzuk betez, Usurbil aldera handitu, Ibarrolaraino gutxi gorabehera. Horretaz gain, egin berri zen autopista, zati batean behintzat, desbideratu beharra zegoen, eta Aritzetako zerbitzugunea bota, beste nonbait eraikitzeko... Inauguratu berria zela! Hori gutxi balitz, pistak berak behar zituen lurrez gain, perimetro guztiaren inguruan ere, 500 bat metro gehiago zabaldu beharko zen lur desjabetze eremua. Txikierdi eta Kalezar auzoetako goialdeak izango ziren kaltetuenak, beraz, Donostiako Igara, Ibaeta eta Añorga auzoekin batera.

Noski, egitasmoak eragindako kaltea ez zuten argi eta garbi azaldu. Hainbat gezur eta okerragoak izan daitezkeen erdi-egiak ere bota zituzten. Hasteko, Usurbilgo aireportua deitu zioten, Usurbilgo lurretan herena izan behar zuenean, eta gainontzeko bi herenak Donostian. Garbi dago, Usurbilgoa balitz ez litzateke Donostian egongo. 13 kilometrora egongo zela ere aipatu zuten, guztiok dakigunean, Donostiako erdigunetik zein gertu dagoen lur eremu hori. Lainorik ez dela apenas egoten... Baina, beharbada, larriena zarataren arazoa izan zen. Horren gainean, hegaldi gutxi zirela eta zortzi urte barruko hegazkinek apenas egingo zutela hotsik erantzuten zuten.

Proiektuaren benetako sustatzaile sutsua, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, Madrileko Ministerio del Aire delakora bidali zuen azterketaren informea, argumentu eta aurrekontu zehatzarekin, onartu eta egitasmoari argi berdea eman ziezaion. Aldundiak eta Donostiako udaletxeak, badaezpada, ez zuten gauza handirik aipatu. Baina, badirudi bai alkatea eta bai Aldundiko burua ere alde zeudela, bestela ez zuketen azterketa martxan jarri eta Madrilera bidaliko. Usurbilgo udaletxea, aldiz, ez zegoen egitasmoarekin erabat ados, baina ez galduko zenagatik edota eragingo zituen kalteengatik, sortuko zen burrunbak Usurbilgo herriaren hazkunde urbanistikoa oztopatuko zuelako baizik. Ministerioa ez zen egitasmoarekin erabat ados agertu. Proiektua landu zuen enpresarekin azterketa berria burutzera etorriko zirela azaldu zuten.

Azkenean, zorionez, ez zen argi berdea etorri, eta lasaitasuna itzuli zen gure herrira.

Proiektuari buruz Zeruko Argia aldizkarian argitaratutakoa, 1975eko maiatzaren 4an
Aireportu berriaren kokapena proiektuaren arabera.