Aerodromoak
2
Arrapideko aerodromoaZUBIETA
Afrikako gerrarako hegazkinak prest, hipodromoan, 1920ko hamarkadan
1936ko gerra hasi eta hilabete parera, faxistek Beterri guztia bereganatuta zutela, Gobernadore Militarra Donostiako Udalari eta Aldundiari zuzendu zitzaien, idatziz: premiazko beharrak betetzeko ejertzitoak Lasarteko abiazio zelaigunean (hipodromoan) egokitze lanak burutu behar zituela eta, ekarpen ekonomiko baterako oinarriak proposatzen zizkien egin beharreko gastuei aurre egiteko, eta bi erakundeen artean emateko 200.000 pezetako diru kopurua jarri zien.

Hasieran, pistaren luzera 1.100 metro eta 100 metro zabal izan zen, eta asfaltaturik egon zen. Urte berean, ordea, gobernadore berak premiazko eskaera egin zuen, armadak zelaiguneko luzera 2.000 metroraino luzatzeko beharra zuela, eta zuzenean armadak arduratuko zela Artutxa baserriaren desjabetze gestioez. Handik gutxira, udalak baserriaren eta inguruko lurren salerosketa onartu zuen, eta orduko jabeari 50.077 pezeta ordaindu zizkion. Baserrian bizi ziren bi maizter familia, aldiz, erreketeen fusilen mehatxupean, ez zeru eta ez lur, kale gorrian geratu ziren, ganadu eta guzti nora joan jakin gabe.

Hipodromoko aparkalekuan egongo litzateke, gaur, Artutxa baserria, bota izan ez balute. Arrapideko erribera zabal eta zelaiak erabili zituzten XVI. mendean eraikina jasotzeko. Eta arrazoi beragatik aukeratu zuten zaldi lasterketetarako instalazioak eta, ondoren, aerodromo militarra eraikitzeko kokalekutzat. Hegazkinentzako egurrezko hainbat hangar eraiki zituzten, baita lurrazpikoak ere. Horietako zenbait, gainera, oraindik bere horretan daude. Halaber, erregaiarentzako biltegi blindatuak, bonbentzako bolborategia eta abar eraiki ziren.

Gerra amaituta, aerodromo moduan egokitutako hipodromoaren itzulera eskatu zion Donostiako alkateak Aireko Ministerioari. Egun batzuetara jaso zuen erantzuna: ez zegoela itzultzeko inongo oztoporik, baldin eta pista eta gainontzeko instalazioak errespetatzen baziren. Baina kontua da hori ez zela gauzatu, eta udalak beste bitan ere eskaera bera egin behar izan zuela. Azkenean, 1955eko eskaeraren aurrean, armadak erantzun zuen abiazio gunearen beharrik jada ez zela ikusten. Garai horretan, Hondarribiko aireportua eraikitzen ari ziren.

Hipodromoko desagertutako errege tribunaren aurrean, hegazkina
Juan de La Cierva ingeniariaren "autogiroa", helikopteroaren aitzindaria, hipodromoan.
1939-40an Arrapideko hipodromoa aireportu militar bilakatu zuten. Bertan porlanezko pista ikus daiteke. Argazkiaren ezkerrean, Oriaren gainean, Itxiberrietako zubia ikus daiteke; ibaian behera, Zumaburuko presa, ubidea eta irla; beherago, hipodromoko zubia.
Arrapideko hipodromoan 1936an eraikitako aerodromoa. Dena den, lehenago ere erabili zituzten hipodromo zelaiak lurreratzeko.
Arrapiden, istripua izan duen abioia
Agintariak, militar buruak, mekanikariak, pilotuak eta beste, hipodromoan