Aerodromoak
1
Asteasuaingo aerodromoaTXIKIERDI
Lehen aerodromo honen gainean azalpenak eman baino lehen, labur bada ere, hegazkintzak gure lurraldean izan zuen sorrerarekin abiatuko gara. Joan den mendearen hasieran, hegazkintzaren jarduera pilotu ausart batzuen erakustaldietara mugatzen zen, sarri haien bizia arriskatzen zutenak. Hegazkin txikiak ziren, zaldi potentzia gutxikoak eta oinarrizko piezekin eraikiak, egurrezkoak batzuetan.

1907an eraiki zen "Los Juncales", garaiko Ondarreta hondartzaren ondoan, padurari kenduriko lurretan. Zaldi lasterketa eremuaz gain, hegazkintzako zelaigune bilakatzeko beharrezko zituen egiturez hornitu zuten, erregai biltegiak, hegazkinak gorde ahal izateko egurrezko barrakoiak, eta abar. Halako jarduera berriak interes berezia sortu omen zuen garaiko donostiarren artean, eta orduko prentsa kroniken arabera, pilotu adoretsu haien maniobra arriskutsuak ikusi nahian, jendez lepo betetzen omen ziren etxeetako teilatuak. Distantzia luzeko hegazkin lasterketak ere egiten zituzten orduan, Paris eta Madril artekoa esaterako, eta Donostia, etapa amaiera eta hurrengoaren hasiera izan zen maiz.

Hurrengo urteetan, halako ekitaldiak gero eta indar gehiago hartzen zutela ikusirik, Donostiako Udala berehala jabetu zen lehen instalazio haiek txiki geratuko zirela, eta beste berri batzuk eraikitzeko leku bila hasi zen. Lur hartzeko eragozpenik ez zuen eta kostu handirik gabe eraiki ahal zen leku batean pentsatzen, 1916an inauguratu zen Zubietako hipodromoan jarri zituzten lehenik begiak. Udalarena zen gainera. Baina ez zen denbora asko pasa bi jarduerak bateraezinak zirela konturatzeko.

Alde batetik, nazioarteko zaldi-lasterketak ugaritu egin ziren, urteroko bilakatuz, eta bestetik, hainbat enpresa hegaldi turistikoak eskaintzen hasi ziren Donostiatik Biarritz, Paue, Madril eta Parisa. Horren aurrean, premia handiz, Donostiako Udalak serio ekin zion etengabe hazten ari zen hegazkintzaren beharretara egokituko zen kokapena bilatzeari. Hala, Txikierditik Lasartera bidean ezkerrera zeuden zelaiguneak aproposak iruditu zitzaizkien Gipuzkoako lehen aerodromoa eraikitzeko. Bi auzoen arteko zuzengunearen eta Plazaolako trenbidearen artean, gainera, ez zegoen eraikuntzarik, Zapatari edo Asteasuaintxiki baserria eta Arsuagatarren etxea izan ezik. Sail horretan lurrak zituzten jabeei bost urterako alokatu zitzaizkien 400 pezeta hektareako ordainduz beste bost urte luzatzeko aukerarekin. 1919ko urtarrilean hasi zen 132.000 metro kuadro hartu zituen aerodromo berriaren ibilbidea.

Asteasuaingo hegazkin eremu edo aerodromoaren kokapena.
Hainbat enpresarekin akordioetara iritsi ziren bertatik hegaldiak antolatu ahal izateko. Hegazkinentzako hangarra eraiki zen, lurrak egokitu eta, azkenik, langile bat kontratatu zen zaindari lanak egin zitzan, eta bide batez, mekanikari lanak betetzeko, hegazkinen aireratzea eta lur hartzea zuzentzearekin batera. OTIE elkarte frantsesa izan zen hegazkintza zelaian interesa azaldu zuenetako bat. Hala, udalarekin akordio batera iritsi eta, 1920ko ekainetik aurrera, aerodromoaren kudeaketa bere gain hartu zuen, printzipioz bost urtetarako. Handik egun batzuetara zabaldu zen ofizialki Lasarteko aerodromoa esanda ezagutuko zena, ia osorik Usurbilgo udalerrian egon arren.

Baina aerodromoak ez zuen arrakastarik izan. Hazi ez eta urteak igaro ahala, irautea ere ez zuen lortu. Saiakera ugari egin arren, bezero faltak hegaldi asko bertan behera geratzea ekarri zuen. Aipaturiko enpresak ere kontratua deuseztatu zuen, eta alokatzeko beste lehiaketa bat egin arren, hutsik geratu zen. Zelaiguneko belardiaren zati bat lasterketarako zaldi ingelesak bazkatzeko alokatu zen. Lasartearrak, aldiz, kirola herrian oso errotuta zegoela zioten, baina eurek ez zutela non praktikatu, eta beraz, zelaigune horretan bertan futbol zelaia eraikitzea eskatu zuten. Pilotu eskola martxan jartzeko saiakera ere egon zen, baina ez zenez bideragarri ikusten, bertan behera geratu zen asmoa. Berriro hipodromoa aerodromo moduan erabiltzeko beste saiakera bat izan zen, baina laster amore eman zuten. Azkenean, 1936ko uztailaren 18an gerra hastearekin batera, benetako aerodromo berria eraikitzeko asmo guztiak bertan behera geratu ziren.

Hegazkinak gordetzeko, Zapatari baserriaren ondoko barrakoia
Hegazkinak eta pilotua bedeinkatzen Asteasuaingo aerodromoan