Karobiak

karobiaksarrera
Iralarreko karobia Usurbilgo mugan.
Erromatarren garaian jada karearen erabilera anitza bazen ere, XVIII. eta XIX. mendeetan ugarituko zen nabarmen karearen produkzioa gure lurraldean, artoak euskal baserrira iraultza txiki bat ekarri zuenean, hain zuzen. Artoa eta harekin loturiko babarrunaz gain, ganaduarentzako arbia ereiten zen, baita garai batean garia ere. Horrela, lurra ez akitu eta uzta hauek guztiak hartu ahal izateko lurra ongi ongarritu behar izaten zen. Simaurra ugari ez zen lekuetan, beraz, karea erabiltzen hasi ziren soroetako lurra samurtu, gozatu eta harrotzeko. Ondorioz, aurreko urteekin alderatuz, uzta hobeak izatea lortu zen, kasu batzuetan bikoiztera iristeraino.

Horiez gain, beste hamaika erabilera ere bazituen: sarobeak desinfektatu, fruta arbolen gerria karez zurituta zomorroak uxatu, ganaduen zauriak osatu. Igeltseroek ere asko erabiltzen zuten, baserriak zuritzeko, harea eta urarekin nahastuz eraikuntzarako hain beharrezkoa zen mortairua egiteko.

Usurbilen Oria ibaiaren eskuinaldeko baserri guztiek zuten karobiren bat bere lurretan etxetik ez oso urrun. Ibaiaren ezkerrean ere aurkitu dira, baino ez horrenbeste. Baserri askotan urtean behin edo birritan egin beharreko zeregina zen, lan nekeza, eta sarritan auzokoen laguntza beharrezkoa izaten zen.

XIX. mendearen azkenera arte erabilera ohikoa izan zen, baina hurrengo mendean etengabeko gainbehera izango zuen. Arto laborantza gutxitzeak, batetik, eta industriaren etorrerak, bestetik, baserrietan gero eta jende gutxiago geratzea lanean izan zuten ondorio. Industrialki egindako karea erosteko adina diru irabazten zuten lantegietan. 1936ko gerra baino lehenago desagertu zen, beraz, karegintza Usurbilen. Karea egiten aritu den inor ez dugu topatu. Bai, aldiz, haurrak zirela ikusi zutenak. Hiru egun eta hiru gau sutan egon ondoren, Arburu eta Tellegindegiko karobiak izan omen ziren Usurbilen itzaltzen azkenak. 1933 eta 1934 urteen inguruan, hain zuzen.

Karegintzako erabilerarik ezean, baserritar askok karobiko zuloa zabortegi moduan erabili du, eta gaur egun, gehienak desagertuta edo zaborrez estalita daude. Beste batzuk, hor nonbait, sasi artean galduta, eta azkenik, ondo ikusteko moduan direnak ere badira, nork garbituko eta konponduko zain.

Zilindrikoak izan ohi dira, hiruzpalau metroko altuera eta metro inguruko zirkunferentziadunak, zabalagoak egon arren. Gutxi batzuk, ederrenak, kareharria ez den harriekin eginak daude, hareharria batik bat, baina betiere kareharri ugariko inguruetan. Hemen ditugun gehientsuenak, ordea, karobi xumeak dira, hegi maldatsuetan edo bide bazterretako ebakidurak baliatuz zulatutakoak, tuparrian gehienetan. Labea barnetik estaldurarik gabea izan ohi da, eta arku formako ahodun horma batez aurrealdetik itxiak egoten ziren sarritan. Azpian haustokia edo haizebidea zuten, egurra erretzen zen lekutik kanpoaldera. Hirutik sei bat metrora luze izan zitekeen, baina gaur egun, orokorrean, galdua dute. Karobi batzuk, kanpoaldean, atakaren aurrean aterpea izaten zuten, teilatu eta guzti. Alboetan, lurra eusteko kontrahormak, eta horietan zulo bat edo beste eraikitzen zituzten leihatila modura, arasak, janaria, edaria eta lanabesak gordetzeko.

Zaildutako norbaitek labe barnean harrizko ganga eraikitzen zuen, eta gainean ikatzarekin tartekatutako kareharria pilatu goitik, gero eta tamaina txikiagokoa. Ganga azpian pilatutako egurra erreaz lortzen zen kareharria kare bizi bihurtzea. Oteaz gain, gaztaina eta pago enbor zatiak erabiltzen zituzten sutarako. Gau eta egun sua pizturik mantenduz, kearen koloreak salatzen zuen noiz zen harri guztia egosi, noiz zen eteteko momentua. Egun pare batez hozten uzten zen orduan. Harrizko ganga behar zuten karobiei aldizkakoak esaten zitzaien, gerora karobi frantsesa edo jarraia agertu baitzen, ganga ordez, burdinazko parriladuna. Gurean gehienak lehen motatakoak ziren. Hona hemen Usurbilen aurkitu duguna.