Zubiak

zubiak_01
Zorrotzeko zubia, lau begiko zubia.
Ibai, trenbide, errepide eta abarren gainetik igarotzeko eraikuntzak dira zubiak. Asko dira herrian ditugunak, garai ezberdinetan eraikiak eta, ondorioz, batetik bestera desberdintasun nabarmenak dituztenak. Zaharrenak zurezkoak ziren, halakoak aspaldi desagertu baziren ere. Harrizkoak ere ez dira gaurkoak, eta halako zenbait ale bikain baditugu Usurbilen. Pasa den mendean eraikitakoak, berriz, porlanaren ezaugarriez baliatu ziren. Azken urteotan, azkenik, zubi berriak baino bide-zubiak eraiki dira, komunikabideak erraztu nahian, gainez gain ehunka metro doazenak. Egitura aldetik, beraz, erabat ezberdinak dira, bai eta duten interes historiko eta artistikoa ere.

Hala ere, jarraian, gure udalerrian aurki daitezkeen zubi gehientsuenak aipatuko ditugu, bat edo beste garrantzi eskasa duelakoan kanpoan utzi eta eraikitzen amaitu ez zuten bat sartu dugun arren. Lehenengoak Oria zeharkatzen dutenak dira, Andoaingo mugatik hasi eta, ibaian behera, Aginagako erriberaraino daudenak eta izan zirenak.