Kableak
8
Biribillondoko kablea

1945-46 urteetan muntatu zuten egur kablea Andatzako pinu sailetatik egurra ateratzeko. Zubietako
Kalea baserriko Iparragirre anaiek muntatu zuten adituen laguntzaz, Aizpuruko errotako zerrategia errentan
baitzuten. Biribillondotik, gaur antenatzarra dagoen tokitik, Artzabaleta baserri ingurura jaisten zituzten
enborrak, Tokieder etxeraino hain zuzen. Bi kilometro pasatxo zituen kableak, eta tartean bi poste bakarrik,
Aiztondon bat eta Olazabalen bestea. Biribillondora idi pareekin eta aurre-gurdi bidez eramaten zituzten enborrak, arrastaka.

Baina jakin dugunez,
Etumetatik haraino beste kable bat ere muntatu
zuten. Bost bat urte egon ziren egurra ateratzen.
Amaitutakoan, ordea, desmuntatu eta Nafarroako
Errazkinera saldu zuten kablea, han Aralarko Malloetatik
belarra jaisteko. Mantso-mantso jaisten ziren
enborrak, freno sistema baitzuten, eta ez zituzten
txirrikak kaltetzen. Baina enborraz gain, su-egurra
ere jaisten zuten inguruko okindegietako labeetarako,
eta sorta horiek ziztu bizian egiten zutenez jaitsiera,
arazoak izaten zituzten poleekin, berotu egiten
baitziren. Txirrikak, berriz gora, asto-gainean
eramaten zituzten. Andoaingo Belkoaindik Bazkardora
pinu enborrak kablean jaisten ikus daiteke argazkian,
1944an.